INFO

Kulturaren heriotza irudikatu du Kuplak Lakuaren atarian

Kulturako sektorearen langileak batzen dituen Kupla plataforma sortu berriak kulturaren heriotza irudikatu du Lakuan, egoeraren aurrean sentitzen duten kezka eta ezinegona ezkutatu ezin. Diru laguntzak eskatzen dituzte, eta aldebikotasunetik adostea aktibitatera itzultzeko neurriak.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Lakuako datuen arabera, Kulturaren sektorean 7.000 pertsona ari dira lanean, horietatik %90 autonomoak dira, beraz egoera ez dute batera erreza. Batetik, gogor kolpatua izan delako aipatu sektorea (aktibitateak bertan behera uzten lehenak izan ziren, eta bueltatzen azkenak izango dira) eta, bestetik, autonomo izatearen ziurgabetasuna ez delako gauza berria.

Egoerak kezka eragin du profesional horietan guztietan eta indarrak eta, batez ere, kezkak batuta, Kupla plataforma sortu dute (600 pertsonatik gora batu dira). Ogibideak hamaika dira, hamaika baitira Kulturaren makina martxan jartzeko beharrezkoak diren piezak: teknikariak, artistak, enpresak…

Erakundeen arreta bereganatu nahi dute, bereziki Lakuarena; bere atea jo dute gaur, Kulturaren hileta irudikatzeko. NAIZi Axier Garai Kuplako kideak azaldutakoaren arabera, ehun pertsona baino gehiago batu dire ekimenera. Kezka nagusia da «noiz itzuli ahal izango garen» lanera, «baino normaltasunez», zehaztu du. Izan ere, ezarri diren muga eta jende kopuruekin «ez dago lana denentzat», ohartarazi du. «Konturatu behar dira irekitzeko baimena ematen digutela baina ez iharduera berreskuratzeko aukera gure profesionalak egoera oso larrian eta iñolako babesarik
gabe utziz», adierazi dute Gasteizen egindako protestan.

«Gurekin bilduko balira zerbait adostu genezake, gutxienez hitz egin eta eztabaida genezake egoeraz eta har daitezkeen neurriez», esan du. Zentzu honetan, abandonatuak sentitzen direla tamaldu da, uste dute ez dela beraiekin ezertarako kontatu. «Ideia asko ditugu lan egin ahal izateko, segurtasunez. Bilera bat nahi genuke, eya aldebikotasunetik erabakiak hartu». Beren ahotsak aintzat hartuz segurtasun protokolo bat diseinatzea proposatu du «denak funtzionatu ahal izateko», erantsi du.

Lakuak hartu dituen neurri batzuk ez hanka ez bururik ez dutela kritikatu du. Adibidez, abesteko mikrofonoak poltsa batekin estali behar izatea edo ekipoak nola garbitu zehazten duten argibideak. «Neurri batzuek ez dute zentzurik». Berretsi du sektorea barrutik ezagutzen dutenekin kontatzea zentzuz jokatzeko.

Diru laguntzen inguruan ere kritikoak izan dira. Batetik, denentzat ailegatzen ez delako aurrekontua eta, bestetik, gehienak autonomoak izanda, bata eskatuz gero, ezin da besterik eskatu. Hau da, bi diru laguntza bateragarriak ez direla adierazi du Garaik. Hauek banatzeko hartutako irizpidea ere ulertezina iruditzen zaie kultura langileei; alegia, zozketa bidez eskaeren ikuskatzearen ordena ezarri eta laguntzak esleitu diru poltsa amaitu arte.