INFO

Atlantako polizia-burua kargutik bota dute beste beltz baten heriotzaren ostean

Atlantako polizia-buruak bere kargua utzi behar izan du uniformedun batek Rayshard Brooks gazte beltza atxilotzen ari zenean tiroz hil ondoren. Protesta gogorrak izan dira aurreko gauean Joe Biden hautagai demokrataren bigarrena izan zitekeen Keisha Lance Bottoms alkatea den Georgiako hirian.

Arrazakeriaren aurkako protesta AEBetan (ARIANA DREHSLER-AFP)

Atlantako alkateak, Keisha Lance Bottoms-ek, Erika Shields hiriko polizia buruak bere dimisioa aurkeztu zuela iragarri zuen atzo azkenengo orduan (goizaldea Euskal Herrian).

Ordurako protestak eta iskanbilak hasita zeuden. Georgian jende asko oso haserre dago, eta ez bakarrik heriotza berri hau George Floyden erahilketaren inguruko matxinadaren erdi-erdian gertatu delako.

Joan den otsailean bi gizon Ahmaud Arbery tiroz erahil zuten. Bideoan ikus zitekeenez, gazte beltzak ez zuen inolako armarik. Hala ere, egunak eta egunak igaro ziren poliziak susmagarriak atxilotu arte.

Larunbat gauean autopista itxi zuten manifestariek eta ondorengo liskarretan talde batek heriotza gertatu zen Wendy's jatetxeari su eman zion. Poliziak gas negargarria erabili zuen eta gutxienez 36 pertsona atxilotu zituen.

Poliziaren bertsioaren arabera, 27 urteko Rayshard Brooks beltza jatetxeko lehiatilaren aurrean lo zegoen bere kotxean ostiral gauean eta arduradunak poliziari deitu zion sarrera blokeatuta zuelako.

Pistola elektrikoa

Alkoolemia frogan positibo eman omen zuen. Bideo batean ikusten denez, atxilotu behar zutenean gazteak task pistola bat kentzen dio polizia bati eta ihes egiten du.

Georgiako Ikerketa Erakundeak (GBI) erakutsi duen bigarren bideo batean gazteak urrunetik deskarga elektrikoak egiten duen pistolarekin polizia bat apuntatzen duela ikusten da. «Une horretan poliziak bere arma hartu eta tiro egiten dio», azaldu zuen GBIko zuzendaria den Vic Reynolds-ek.

Brooks familiaren abokatuak, L. Chris Stewart-ek, pistola elektrikoa ez dela arma hilgarria gogoratu zuen. «Bere bizia (polizia zuriarena) ez zegoen berehalako arriskuan tiro egin zuenean», gaineratu zuen.

Atlantako alkateak, bera beltza ere, doluminak eman zion familiari. «Ez dut hitzik», esan zuen. Bottoms-ek, Joe Biden hautagai demokratak bere presidente-orde kargurako izendatuko duenen artean dago.

«Ez zegoen indar hilgarria erabiltzeko justifikaziorik», azaldu zuen alkateak, eta tiro egin zuen polizia berehala kargutik kentzeko exijitu du.

«Atlantak herrialde osoan egin behar den (poliziaren) erreformaren eredu izan behar du eta horregatik utzi du kargua» 20 urtez hiriko polizia-buru izan den  Shieldsek, iragarri zuen Bottoms-ek telebistan.

Tiro egin zuen agentea, Garrett Rolfe, poliziatik bidali dute eta bigarren bat momentuz suspenditu egin dute.