INFO

‘Hi(ZKI)bridoak’ zikloa udazkenean egingo da Bilboko Euskararen Etxean

Bilboko Euskararen Etxeak ateak zabalduko dizkio udazkenean Aldundiarekin batera antolatzen dituen ‘Hi(ZKI)bridoak’ kultur zikloari. Txakur Gorria sormen kolektiboak abiatuko du programa eta, besteak beste, literatura, musika eta bertsolaritza izango dira osagaiak.

Anarik ‘Hariak’ diskoa eskainiko du zuzenean azaroaren 13an. (Gorka RUBIO I FOKU)

‘Hi(ZKI)bridoak’ kultur zikloak udazkenean ekingo dio berriro jarduerari, iragan martxoan pandemiaren ondorioz egitaraua eten ondoren. Bilboko Euskararen Etxearen arduradunek jakinarazi dutenez, zikloan bildutako beste lau ekitaldiak ezin izan ziren orduan egin, eta urritik abendura bitarte egingo dira, «errealitate berrira egokituta». Hortaz, ekitaldietako edukiera murriztu beharko da, eta ikuskizunak streaming bidez ere zabalduko dira.

Lehen emanaldia urriaren 8an izango da, Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren ‘Orainmenean’ izango da. Taldeak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historian genealogia feminista posible bat berridazteko, «ikusezin izandakoak ikusaraziz». Emakumez osatutako bertso saio horretan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai.

Urriaren 22an, Muga taldearen txanda izango da. Xabier Montoiaren ‘Anfetamiña’ liburutik abiatutako egitasmoa da Muga, eta poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen ‘Anfentamiña’, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz. J.A. Goñi Areta ‘Juxe’ argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa.

Anariren emanaldia

Halaber, azaroaren 13an, musika eta artea lotuko dituen ‘Habiak’ ekitaldia egingo da, eta Anariren ‘Habiak’ diskoaren inguruan ardaztuko da: erakusketa kolektiboa izango da eta diskoan bildutako hamabi kantuen interpretazio plastikoak bilduko ditu. Gainera, Anari taldeak diskoa joko du zuzenean, eta Booktegik erakusketari buruzko katalogo argitalpena plazaratuko du bere plataforma digitalean.

Azkenik, abenduaren 10ean bertso saio literarioa eskainiko dute Mari Luz Estebanek, Maialen Lujanbiok eta Miren Amurizak. Estebanek kantuan jarriko ditu Amuriza eta Lujanbio, eta, pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkie. Bertso saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da.