Eroskik 45,2 milioi euroko etekinak izan zituen iaz, 2018an baino 43,6 milioi gehiago
Eroski Taldeak 45,2 milioi euroko etekinak izan ditu 2019ko ekitaldian, 2018koa 43,6 milioi eurotan hobetuz (1,6 milioi euro irabazi zituen orduan). Birfinantzaketako baldintzen balorazioak eta aktiboen balorazioaren egokitzapenak eragina izan dute irabazietan, koopeatibak astearte honetan jakinarazi duenez.
Bederatzigarren urtez jarraian, 193,8 milioi euroko etekin operatiboa izan du 2019an, hau da, Eroski Taldeak salmentetan «inoiz izan duen emaitza operatiborik onena». Ebitda ere hobetu egin da, eta 12,9 milioi euro handitu; hala, 263,6 milioi eurotan dago orain.
Eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko egindako zenbait proiektutan izandako lorpenek eta sare komertzialaren eraldaketak eta berrikuntzak izan dute eragina bilakaera horretan, taldeak azaldu duenez.
Taldearen salmenta gordinak 5.266 milioi eurokoak izan dira, 2018an baino %2,4 gutxiago, hipermerkatuen alorrean perimetroa murriztu delako. Eroskik nabarmendu du salmentak igo egin direla sare komertziala ‘Zurekin’ eredura eraldatu den eskualde guztietan.
Halaber, taldeak 74 denda ireki ditu 2019an, frankiziak nahiz denda propioak (61 supermerkatu, gasolindegi bat, sei bidaia agentzia, bost aisialdi eta kirol denda eta Cash & Carry bat).
Bestalde, Eroskik 263 milioi euro murriztu du bere zor finantzarioa 2019an, eta, hala, 2010etik, 1.900 milioi euro inguru murriztu du. Iazko uztailean Eroskik hitzarmen bat egin zuen banku entitateekin zorra berriz finantzatzeko.
Berebat, sei milioi pertsona dira Eroskiren Bazkide Bezero edo Eroski Club, Caprabo eta Forum Sport txartelen jabedun, eta 2019an taldeak 308 milioi euroko aurrezpena esleitu die bezeroei eskaintza eta sustapenetan.
Azkenik, Eroski S. Coop. kooperatiba nagusiak emaitza positiboak izaten jarraitu du, eta 2019an 72,3 milioi euroko etekina izan du, 2018an baino 58,4 milioi gehiago. Salmentak 1.772 milioi eurokoak izan dira, aurreko ekitaldian baino %1,8 gehiago.