INFO
Entrevue
Joseba Erremundeguy
Jean-Rene Etchegaray buru duen zerrendako kidea

«Abertzaleek ez lukete arrazoi gehiegi xerkatu behar Etchegaray babesteko, bere engaiamendua agerikoa baita»

Jatorriz ainhoarra bada ere, Joseba Erremundeguy Baionan bizi da badira bospasei urte. Zehazki azkenaldian itxuraldaketa handia bizi izan duen Saintespiritu auzoan. Jean-Rene Etchegaray buru duen hautagaitzako kide da bere burua «euskaldun eta abertzale» gisa hartzen duen erakunde publiko batean lan egiten duen 32 urteko hautagaia.

Joseba Erremundeguy hautagai baionarra. (Guillaume FAUVEAU)

Lehenik eta behin zure ibilbidearen laburpe bat egitea eskatuko nizuke.
32 urte ditut, jatorriz Ainhoakoa, lapurtarra eta «mugatarra» ere. Badira orain bospasei urte Baionan bizi naizela. Letra modernoak ikasi nituen Baionan eta ondotik komunikazio alorrean ikasketak bukatu nituen Leioan. Irakasle eta kazetari gisa lanean labur aritu banaiz ere, orain 8 urtez geroztik erakunde publiko batean ari naiz lanean. Euskaltzalea naiz, abertzalea, baina ez naiz sekula alderdi politiko baten kide izan.

Jauduneko auzapeza Jean-Rene Etchegaray buru duen zerrendako kidea zara. Baita zerrenda horren kide gazteenetariko bat ere. Zerk bultzatu zintuen urrats bat ematera?
Dudarik gabe zerrendaburuaren, Jean-Rene Etchegarayen, pertsonalitateak eta Ipar Euskal Herriarentzat duen engaiamenduak. Ipar Eukal Herriaren alde busti da eta niretzako, abertzale eta euskaltzale gisa, baldintza guziak betetzen ditu. Oroitzearren: Apirilaren 8a, ETAren armagabetzea Baionan igaro zen, eta Etchegarayk bakearen aldeko bere engaiamendua agertu zuen, baita presoen alde, ahantzi gabe Euskal Elkargoan egiten ari den lana, eta erakunde hori sortu aitzin estatus bereziko elkargo izateko eraman zuen borroka ezin da ahaztu. Horretaz gain laborantza herrikoiaren aldeko bere engaiamendua hor da, baita Euskal Moneta onartzeko Baionako Herriko Etxeak egin zuen hautua. Zerrenda luzatzen ahal da baina argi dena da engaiamendu bera duela aspaditik, eta arriskuak ere hartu dituela gai batzuk aitzina eramateko.

Baionako populazioa azkarki emendatu da azkeneko urtetan. Are aurtengo herriko bozetan erroldaren %30 berria da. Bizitokien, garraioen eta oro har zerbitzuen beharrak nabarmen hazi dira. Zeintzu dira erronka nagusiak geroari begira ?
Baionako biztanleria hazi egin da, Euskal Elkargokoa ere bai. Denbora berean, azken urte hauetan gero eta agerikoagoa da urgentzia klimatikoa eta aldaketa handiak obratzeko beharra. Hortan da lehentasuna, eta ikuspegi horietatik egin behar ditugu galderak. Datorkigun mundu berriari begira nola mugitu behar dugu ? Nola elikatu behar dugu ? Nolako bizitegiak behar ditugu? Nola zaindu behar dugu ingurunea? Eta hori nehor bide bazterrean utzi gabe. Erronka horretan datza, trantsizio horiek –batzuk pairatzen ditugunak, bertzeak hautatzen ditugunak– nola antolatu behar ditugun, Baiona eta Elkargoa prest izan daitezen aldaketarako. Hor, erran behar da ere, Baiona bezalako hiri batek ez diela bakarrik erantzuten ahal erronka horiei, are gutxiago barnealdeko herri edo elkargo batek, Euskal Elkargoak laguntzen gaitu azkarrago izaten, baliabide gehiago izaten eta kolektiboki jokatzen dugu erronka horiei erantzuteko.

Saintespiritu auzoa hiriaren birmoldaketaren ikur bilakatu da. Kultura azpiegiturak sortu dira. Auzoan gaztetxea dago, baita migranteei harrera egiteko Pausa zentroa ere. Eredu bada beste auzoetara begira ere? Ikusmolde soziala aski bermatuta dago?
Hori da, lehen itzulitik aitzina eraman dugun programak aurreikusten du Baionan gertatu den eraldaketa auzo guzietara eramatea, eta bizitzeko errazago den hiria sustatzea: zerbitzu publikoak eta tokiko saltegiak auzoetan atxikiz eta garatuz, eskola berriak irekiz auzoetan.

Hurbiltasun hori garrantzitsua da eta krisiak hori areagotu du. Hori aitzina eramaten dugunean ikuspegi soziala gogoan dugu, Baiona elkarkidea nahi dugulako, Etchegarayk berak erran zuen kanpaina hastapenean inor ez genuela bide bazterrean utziko. Dogmarik gabe jardun nahi dugu, baina printzipio eta baloreekin. Ikuspegi sozial hori ilustratzeko, adibide bat: etxebizitza sozialen berritzea energetikoki isolatuak izan daitezen eta argindar kontsumoa apal dadin, hori hainbat eraikinetan egin da eta proiektuak aitzina segitzen du beste eraikinetan. Baiona hiri herrikoia da, herrikoitasun hori atxiki nahi dugu eta egiten diren aldaketetan ikuspegi soziala bermatu. Horretan sinesten dugu, bertzenaz ez nintzateke zerrenda horretan.

Badira sei urteko hautagaitzarekin alderaturik zerrenda zinez zabala aurkeztu du 2020an Etchegarayk. Eskuinekoak, Macronen aldekoak, zentristak, ekologistaren bat, baita abertzale bat edo beste ere atzeman daitezke bere ekipoan. «Ezker» eta «eskuin» etiketek balorea galtzen dute udal politikak aitzinaratzeko orduan?
Nor ausartuko da erraten Etchegarayk eskuineko edo ezkerreko politika obratu duen Baionan? Inork ez dio ukatzen ahal Etchegarayri eta bere taldeari politika sozial bat obratu duela, ingurunearekiko engaiatu dela ekintzetan eta ez soilik hitzetan. Gure zerrenda anitza da, alderdi politiko askotako jendea biltzen baitu, baina, ez da ahantzi behar zerrendakide gehienak, nire gisa, ez direla alderdietako kideak eta hori da gure indarra. Alderdi Sozialistako zerrendaburu izandako bat ere badugu, ez duena Euskal Herriaz Etchetoren ikuspegi bera. Proiektu batek eta Jean-Rene Etchegarayen pertsonalitateak batzen gaituzte. Parean, Etchetok eramaten duen zerrendan ez da hainbeste aniztasunik, gehienak PSko edo Alderdi Komunisteko kideak dira eta saiatzen ari dira eskuin/ezker zatiketa bat badela sinetsarazten. Uste dut herri edo hiri bat kudeatzeko ez dela alderdikeriarik behar, eta gauza bera da elkargoarentzat.

2014an ez bezala Jean-Claude Iriart buru zuen zerrenda ez da bigarren itzulian izanen. Alta, Etchegaray eta Etchetoren arteko lehia erabakitzeko orduan inportanta bada, besteak beste, lehen itzulian Baiona Berdea eta Elkarkidearen alde egin duen boto-emailea erakartzea. Zein arrazoi emanen zenizkioke abertzale bati zuen zerrendaren alde egiteko?
Lehenik biziki domaia atzematen dut Jean-Claude Iriart bezalako hautetsi fina galtzea. Hurbiletik jarraitzen zituen gai guziak eta euskararen gaia bereziki. Horrela da. Uste dut abertzaleek ez dutela arrazoirik xerkatu behar Etchegarayren alde bozkatzeko. Oixtion erran dudan bezala Euskal Herriarekiko duen engaiamendua agerikoa da. Haatik, parean, Etchetok abertzaletasunarekin eta Euskal Herriarekin duen «arazoa» ezaguna da, jakobinoa da eta abertzaleentzako garrantzitsuak diren gai askotan jarrera oso kontrakoak eta erasokorrak adierazi ditu. Egin dezagun atzera begirako ariketa bat. 2014an 24 bozengatik irabazi zuen Etchegarayk; Baionan Etchetok irabazi balu, Euskal Elkargoa sortuko zen? Baionako auzapeza engaiatuko zen bake prozesuaren alde? Armagabetzea Baionan antolatuko zen? Presoen gaian aitzinamendurik izango zen? Dudarik ez dut, horiek oro ez ziren eginen eta Ipar Euskal Herria ez zen gaur bezala egituratuagoa izanen.

Miarritze aitzindari izan da eskararen aldeko politika publikoak aitzinarazteko orduan. Euskaren aldeko engaimendu ausartartago hartuko du Baionako hiriak?
Aurreko legealdian, lehen aldiko sortu zen Euskara Batzorde bat Baionan, Etchegarayk berak kudeatu duena Jean-Claurde Iriarten parte hartze aktiboarekin. Azpimarratu behar da. Kontseilua eta Euskal Konfederazioak hautagaiei proposatu zieten protokoloa izenpetu zuen Etchegarayk. Ondoko sei urteetan gure helburua da aitzinapausu handiak egitea hizkuntza politikan eta euskara plana berritzea, euskalgintzarekin landuz eta indarrak emanez gazteen euskalduntzean, sail elebidunen irekitzea sustatuz. Hori ez da hiriaren esku baina, nahikari politikoarekin bultzatzen ahal da eta bestalde, eraikiko diren bi eskola berrietan tokia eginen da sail elebidunak izateko gisan. Oro har, Euskararen Plan Orokorra egin behar dugu, Herriko Etxeko zerbitzuetan euskarazko zerbitzuak garatzeko, hirian euskara ikusgarriago izateko eta kultur eta kirol eskaintzen gure mintzairari tokia egiteko.

Martxoaren 15ean oso abstenzio altua izan zen. Deskonfinamendua martxan bada ere oraindik ere osasun larrialdia hor da, baita krisi sozioekonomikoaren mamua ere. Zer giro sumatzen duzu kanpainia berezi honetan eta nola hauspotu parte-hartzea ?
Lehen itzulian parte hartzea arras apala izan da Baionan. Giroa ezohikoa da eta beldurra presente da oraindik. Kanpainari dagokionez, erabaki dugu atez ate ez ibiltzea, bilkura publikorik ez egitea eta afixarik ez jartzea. Sare sozialak lehenesten ditugu eta gure programa postontzietan ezarriko dugu. Jendeari erraten diogu parte-hartzea biziki inportanta dela eta espero dugu gure deia entzuna izanen dela.