INFO

‘Zeruertzak’ kantu kolektiboa ondu dute Kutxa Kulturreko egoiliarrek

Kutxa Kultur Musikan parte hartzen ari diren sei egoiliarrek ‘Zeruertzak’ kantu kolektiboa aurkeztu dute. Siete C, Lemy River, Ido, Indian Feathers, Beste Urtaroak eta Cônvoik euren etxeetatik ondu dute abestia.


Siete C taldeko Eduardo Amado otu zitzaion ideia: Kutxa Kultur Musika egitasmoko egoiliarrek katean kantu bat sortuko zuten, itxialdiaren egoera arindu eta bide batez bakartua egotetik taldean sortzera pasatzeko. Hala sortu da ‘Zeruertzak’, sei musika taldek osatu duten abesti kolektiboa.

Siete C taldeaz gainera Lemy River, Ido, Indian Feathers, Beste Urtaroak eta Cônvoik hartu dute parte ekimenean. Amadoren hitzetan, «esperientzia aberasgarria izan da; izan ere, sormenari dagokionez, beste estilo eta teknika batzuk erabili ahal izan ditugu, agian Siete Cn erabiliko ez genituzkeenak, eta elkarren artean lan egin eta ikasteko harremanak ezarri ahal izan ditugu. Uste dut jarduera honek ahalmen edo gaitasuna duela Kutxa Kultur Musikaren etorkizuneko deialdietarako».

Iritzi berekoak dira Indian Feathersekoak ere. Abesti baten konposizioan beste 5 talderekin buru-belarri sartzea hasieran «nahikoa kosta» zitzaiela onartuta ere, proiektuak «ikuspegia zabaldu digula uste dugu, eta ziur gaude esperientziaz baliatu ahal izango garela etorkizunean kantuen garapenari begira». Gauza bera diote Beste Urtaroak taldeko Iker Laurobak eta Leire Berasaluzek ere. Haien hitzetan, «oso aberasgarria izan da hain estilo ezberdinetatik gatozen talde eta musikariek proiektu berezi honetarako bat egin izana».

Lemy River-eko Iban Martinek abestian bi fasean egin du lan, lehenik oinarri erritmikoa eta ostea hitzak sortu ditu: «Inor ez zenez kantaren letra egitera animatzen, bertso batzuk idatzi nituen, Idoiaren melodiarekin metrikoki eta melodikoki bat etor zitezen», azaldu du. Eta, Cônvoitik, talde bakoitzak abestiari bere ikuspegia eman diola nabarmendu dute, «abestiaz jabetzen saiatu gabe, betiere proiektua zerbait kolektibotzat hartuta. Ekarpen izugarriak izan dira».

Idoia Asurmendik (Ido), bere aldetik, hasieran ziurtasunik gabe sentitu zela onartu du. «Horrelako zerbait egiten nuen lehen aldia zen eta urrutitik konposatzeak kezkatu egiten ninduen; baina hasieran oinarriaren estiloarekin eroso sentitu ez arren, gero uste baino errazagoa izan zen».

Bideoklipa aurpegi eta instrumentu itxien plano batetik abiatzen da, itxialdiaren lehen fasea irudikatuz, eta apurka irekitzen eta mugimendua hartzen doa, fase horien garapena islatuz. Bideoklipa LACØRTE films enpresak egin du.