INFO

Tabakalerak eta Artiumek JAI Praktika Artistikoen Institutua abiatu dute lehen aldiz

Hautatutako hamar parte-hartzaileek uztailetik aurrera eta bi hilabetez garatuko dituzte beren proiektu artistikoak Tabakaleran, eta ondoren Artiumen landutakoa erakutsiko dute. Hasiera batean 16 artistek parte hartu behar bazuten ere, azkenean 10 besterik ezin izan dituzte hautatu.

Tabakaleran egonaldia egin ostean, Artiumera eramango dituzte euren lanak artistek. (Juanan RUIZ I FOKU)

Praktika artistikoaren eta artisten aldeko konpromiso sendoari erantzunez, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak aurrera egin dute JAI Praktika Artistikoen Institutu berriaren lehen edizioa abian jartzeko.

Uztailaren 1etik abuztuaren 28a bitartean garatuko da ikasketa-programa Tabakalerako Sortzaileen Gunean (3. solairua), eta ondoren fase publikoa izango du Artium Museoan. Honako hauek dira programaren lehen edizioan parte hartuko duten pertsonak: Akane Saraiva Rando (Galdames, 1997), Antonio Menchen (Toledo, 1983), Cécile Brousse (Frantzia, 1985), Ibon Landa Amutxategi (Gasteiz, 1994), Izaro Ieregi (Algorta, 1987), Charlotte Nordgren Sewell (Suedia, 1993), Diego Diez (Bartzelona, 1994), Rocio Agudo Martinez (Zaragoza, 1996), Mikel Escobell Castro (Arrasate, 1991) eta Jara Narvalaz (Iruñea, 1995).

Ikasketa Batzordeak, aurkeztutako 55 proposamenetatik hamar aukeratu ditu. Hautaketa horren ondorioz sortu den taldearen heterogeneotasuna azpimarratu du batzordeak eta jatorri anitzeko pertsonek osatutako taldea izaki, artearen eta kultura garaikidearen inguruko ikuspegi eta sentsibilitate ugari batuko direla nabarmendu dute.

JAI ikasketa-programaren hasierako deialdiak 16 hautagairen aukeraketa aurreikusten bazuen ere, programa aldatu egin da alarma egoeraren ondorioz, eta kopuru hori hamarrera murriztu da, segurtasun arrazoiengatik. Nolanahi ere, artista bakoitzak, bi hilabetez, Tabakalerako hirugarren solairuko Sortzaileen Gunean lanerako bere espazioa izango du, bai eta eraikineko beste arlo edo laborategi batzuk erabiltzeko aukera ere, ikasleen esperientzia hobetzeko xedearekin. Gainera, parte hartzaileetako batzuk One Shot Tabakalera House hotelean izango dira programa garatu bitartean.

Praktika artistikoa izango da ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatuko dituen saioaren muina. Institutua ekimen berritzaile gisa sortu zen, baina, aldi berean, Euskal Herriari lotutako testuinguru artistikoan errotuta dago. Tabakalerak eta Artium Museoak arte garaikidean ezagutzak transmititzeko tradizio berezia aitortzen dute, eta etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala garatu nahi dute. Horrela, JAIk udako programa bat eta truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko espazio bat bezala funtzionatuko du.

Gaur egun, bi erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten profesionalek osatuko dute irakasle taldea. Tabakalerak eta Artium Museoak jatorri oso desberdineko ahots profesionalak deitu dituzte, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta beren lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.

Planteatutako mekanika artista gonbidatu bakoitzak bere sormen prozesuen ikuspegi berezia ematea eragiteko diseinatuta dago. Horrek programaren metodologia tailerreko espazioan ehuntzen diren harremanen ondoan jartzen du, une eta egoera bakoitzean garatzen diren praktika zehatzetan, eta ez prozedura teoriko batean. Metodologia hori praktikan jarriko da ad hoc proposatutako ariketen, lantegien edo bestelako topaketen bidez.