INFO

Pasaiara bidean da Aita Mari, 49 egunez Palermon (Italia) blokeatuta egon ondoren

Euskal erreskate ontziak Italiaren baimena jaso du Palermoko portutik atera eta Pasaiara itzultzeko. Nolanahi ere, herrialdeko porturen batera sartzekotan berriro blokeatuak izateko mehatxuak hor dirauela ohartarazi dute Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEtik. 

Aita Mari euskal erreskate ontzia. (AITA MARI)

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Aita Mari Palermoko portutik atera da, Pasaiara bidean, Italiako Gobernuak 49 egunez blokeatuta eduki ostean.

Iragan, apirilaren 13an Mediterraneoan noraezean zeuden 44 pertsonari laguntza eman zietela gogorarazi dute euskal erreskate ontziko arduradunek. Italiaren aginduak jaso ondoren, naufragoak Palermon lehorreratu zituzten.

Une horretan, esan dutenez, Administrazioak ikuskapena egitea erabaki zuen, eta, ondoren, «ontzian zenbait akats zeudela adierazi zuten, haren kategoriarekin eta neurriekin bat ez zetozenak».

Ordutik, Italiako Itsas Agintaritzarekin negoziatu dute Pasaian duten egoitza-portura itzultzeko baimena, ontzian mantentze-lanak egiteko. «Baina, bistakoa denez, ezin izango dugu inoiz ontzia Italiaren eskakizunetara egokitu, baldin eta, neurriengatik, salbuetsita bagaude», diote.

Hori dela eta, Italia «gure nabigazioa saihesteko nazioarteko itsas araudiaren aurka» doala salatu dute. «Iraganean, flota solidarioaren aurkako prozesu legal eta judizial guztiak deusezak izan zirenez, jazarpen-jarrera hori hartu dute, gizarte zibilak Mediterraneoan migratzaileekin zer egiten duen jakin dezan», nabarmendu du Itsas Salbamendu Humanitarioak.

55.000 euro baino gehiago

Gainera, ia 50 egun hauetan Aita Mariko arduradunei 55.000 euro baino gehiago kostatu zaizkie Palermoko portuko tasa berezi, ikuskapen eta hornidurak, zeintzuen aurrean ezin izan duten «helegiterik jarri».

«Estrategia hau, Alemaniako bandera duen Alan Kurdi itsasontziari ere aplikatzen zaiona, erreskate GKEei eraso egiteko Europako herrialdeen azken burutazioa da», diote SMH-ko kideek.

«Bidegabekeria ekonomiko» honekin, Aita Marin lan egiten duten hamarka boluntarioen ahaleginak hankaz gora jartzen dituzte eta, gainera, beste ontzi solidarioengan ere «ziurgabetasuna» eragiten dela azpimarratu dute. «Azken kolpe honen ondoren, ahalik eta azkarren itsasoan bizitzarako eskubidea bermatzeri berriro ekiteko aukerak aztertu behar ditugu», adierazi dute.