INFO

Koronabirusaren pandemiak 10 milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu mundu osoan

Covid-19aren pandemiak hamar milioi lagun baino gehiago kutsatu ditu dagoeneko mundu osoan eta hildakoen kopurua ia milioi erdikoa da, Johns Hopkins Unibertsitateak argitaratu duen azken balantzearen arabera.

Pertsona bat, babeserako maskara jantzita, New Yorken. (TIMOTHY A. CLARY/AFP)

Igande honetako 12.15ean eguneratutako datuen arabera, covid-19ak 10 milioi kasu konfirmatu baino gehiago eta 499.124 hildako utzi ditu 188 herrialde eta lurraldetan. Gaitza gainditzea lortu duten pertsonak bost milioi baino gehiago dira.

Pandemiak gehien erasandako herrialdea Ameriketako Estatu Batuak dira, 45.300 kasu berrirekin eguneko errekorra gaindituta. Orotara, 2,5 milioi pertsona baino gehiago daude kutsatuta herrialde horretan eta hildakoak 125.539 dira.

Brasilek bigarren postuan jarraitzen du 38.700 positibo berrirekin. Guztira, 1,3 milioi kutsatu daude Brasilen eta 57.070 lagun hil dira.

Errusia hirugarren postuan dago, 626.779 positibo eta 8.958 hildakorekin. Ondoren India (528.000 baino gehiago) eta Erresuma Batua (311.700) daude.

Latinoamerika, epizentroan

Pandemiaren epizentroa Latinoamerikan dago une honetan, eta horren erakusgarri da, kutsatutako pertsonen kopuruari dagokionez, Peru eta Txile izatea hurrengo herrialdeak.

Hildakoen kopuruari dagokionez, unibertsitate honen arabera, gaur egun 499.296 hildako daude, beraz, datozen orduetan milioi erdi baino gehiago izango dira.

Ameriketako Estatu Batuak (125.539), Brasil (57.000) eta Erresuma Batua (43.600) dira heriotza gehien izan dituzten herrialdeak.