Josu Urrutikoetxea askatzeko erabakia txalotu dute Bake Bideak eta bakearen artisauek
Frantziako Dei Auzitegiak Josu Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uzteko hartu duen erabakia eta Fiskaltzaren jarrera aldaketa «txalotu» dute Bake Bideak eta bakearen artisauek. Aldi berean, espetxe politikan eman behar den aldaketa irudikatzeko, auzi hau «inflexio puntu bat» izan daitekeenaren itxaropena agertu dute.
Egun Parisko La Sante espetxean dagoen Josu Urrutikoetxea eskumuturreko elektronikoarekin aske uzteko erabakia hartu zuen atzo Frantziako Dei Auzitegiak. Fiskaltzak Urrutikoetxearen defentsarekin bat egin ostean etorri zen epaileen erabakia. Euskal Herrian erreakzio ugari eragin ditu epaiak. Bake Bidea eta bake artisauak izan dira haien gogoeta kaleratzen lehenak.
«Konbentzituak gara kartzela politika, Euskal Herriko bake prozesuan eman diren urratsez elikatu behar dela», nabarmendu du bakearen artisauek eta Bake Bideak kaleratu duten agiri bateratuak. Izan ere, azken egunetan egin dituzten agerraldietan salatu dutenez, Fiskaltzak ez du kontuan hartzen Euskal Herrian ireki den testuinguru berria.
Gauzak honela, Nicole Belloubet Justizia Ministroak esandakoak ekarri dituzte gogora Gobernu frantsesari eskaera bat luzatzeko: «Kartzela politikak Euskal Herriko bake prozesuaren aitzinamenduak kontutan har ditzala».
Belloubeten esanetan, «Frantziaren gisako sistema hierarkizatu batean, Gobernuak erabakitzen du nazioaren politika, eta beraz baita kartzela politika ere», eta zera gaineratzen zuen jurista famatuak: «Fiskaltzari agindu orokorrak eman diezazkioke, prokuradoreek ondotik aplika ditzaten».
Horren aurrean, bakegileek jarrera aldaketa bat eskatzen diote Gobernu frantsesari, «Josu Urrutikoetxea bezala, Jakes Esnal, Xistor Haranburu eta Ion Kepa Parot eta eri diren beste presoak askatuak izan daitezen».
Aurrera begira, «perspektiba berriak ireki» eta mobilizatzen jarraitzeko garrantzia azpimarratu dute. Bake Bidearen eta bakegileen iritziz, «mobilizazioa sekula baino garrantzitsuagoa izanen da eta oroitarazten dugu mobilizaziorako deia luzatzen dugula irailaren 19rako».