Ez da giro
Bada beti txiste forman mintzatzen denik. Ez dakizu noiz ari den serio, noiz broman. Barregarri gertatzetik bezain gertu egoten da nekagarri izatetik. Batzuetan, baita amorragarri izatetik ere. Haizea buruan ibili munduan. Beti lainezarekin eta arinkeriatan dabilela irudi dezake, garrantzirik gabeko gauzetan, baina, tonto-tonto, txiste eta okurrentzia artean, bere iritzia eta mundu ikuskera erakusten ari da.
Umorearen gaitasunean sinisten dut. Ondo erabilita, tresna askatzailea eta eraldatzailea dela ez daukat zalantzarik. Baina behin eskatzen hasita, umore zirtolaria, inteligentea, deserosoa, zirikatzailea, iradokitzailea nahiago. Eta, gainera, batzuetan ez da giro umorerako. Umoregile onak azkar igartzen du hori.
Graziarik ez didate egin Urkutronen kontra borrokatu nahi duten Elkarrekin Podemosen koloretako superheroi horiek. Eta erridikulua, auzo lotsa, mingarri samarra ere gertatu zait. Ez dut nire inguruan azaleko umorerako girorik sumatzen. Koronabirusaren astinduak dardarka utzi gaituen honetan, askok bizitza eta beste askok bizimodua galdu duten honetan, galtzontziloak kanpotik daramatzaten eta topiko astunetan mugitzen diren superheroiek nagia eta etsipena eragin didate. Beharrezkoa zen?
Inguruan bizkarra makurtuta eta burua altxatu nahian dabiltzan autonomo txikiak ikusten ditut, lanik gabe geratu diren langileak, lehengo prekarizazioa prekarizatu zaienak, dolu mingarria pasatzen ari direnak, koronabirusak hilabetean hamar urte zahartu dituenak, zaintza harri astuna bihurtu zaienak... Ziurgabetasunaren sokan akrobaziak egiten sumatzen dut gure burua, bertigo handiarekin.
Ez da hauteskunde kanpaina baterako egoera emozional onena. Herritarren parera jaitsi eta maskararen gainetik gailentzen diren begietara begiratzeko unea da. Hemendik aterako garela eta lehengoa ez den beste jendarte batean lur hartuko dugula hitz emateko garaia. Eta politikari arduratsuak egoera ondo irakurtzen jakin beharko luke. Lehendik ere politika ez dago etxafuegoak botatzeko herritarren pertzepzioari dagokionez.
Elkarrekin Podemosen mezua ez dakit oso ondo zein den. Akaso garbi samar esaten ari da ez dela gai bere proposamena modu serioan defendatzeko. Akaso esaten ari da txistea dela geratzen zaion lubaki bakarra.
Gure amonari askotan entzuten genionez, «goseak ez du txantxarik».