EAJk eta PSEk elkarrekin gehiengo osoa erraz lortuko dutela indartu nahi dute inkestek
Igande honetako egunkarietan kaleratutako inkestek EAJk eta PSEk elkarrekin gehiengo osoa lortuko dutela iragarri dute, eta horretarako sekulako hazkundea eman diete, batik bat EAJri. Inkesta batek jeltzaleek bost eserleku gehiago ere atera dezaketela iragarri du.
Ideia bat nagusi berriro ere: EAJk nahikoa izango luke PSErekin gobernua erraz osatzeko, beste ezeren edo inoren beharrik izan gabe. Igande honetan kaleratutako bozketen gaineko inkesten arabera, hilabeteotan sortutako eztabaida nagusiei iskin egiteko adina indarra izango lukete bi alderdiok.
Guztiek eman diote garaipena EAJri, eta hazkunde nabarmena izango duela azpimarratu dute. Beste bi indar izango lukete gorakada. Azken urteotan EAJren bidaideak, PSEk, eta, oposizioaren buruak, EH Bilduk.
“El Correo” egunkariaren arabera, EAJk 31 eserleku lortuko ditu, gaur egun baino hiru gehiago. EH Bilduk ere gora egingo luke, beste bi eserleku gehiago lortuz. Egun 18 ditu eta, beraz, 20 eskuratuko lituzke, betiere inkesta honen arabera.
PSEk ere bi parlamentari gehiago izango lituzke. 11, beraz. Horrenbestez, EAJren eta PSEren artean 42 eserleku batuko lituzkete. Gehiengo osoa erraz eskuratuko lukete horrela, Legebiltzarra 75 parlamentarik osatzen baitute.
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza eta PP-Ciudadanos koalizioek, biak ala biak, egingo lukete behera, hurrenez hurren, 11 eserlekutik 3 galduz eta 9 eserlekutik 4 galduz.
Inkesta hauek oso hauteskunde bereziak direla eta, esate baterako, abstentzioak eragin handia izan dezakeela ondo aztertzeko gai izan diren ikusteko dago. Horregatik, hauteskunde guztietan inkesten emaitzak prudentzia handiarekin hartu behar badira, oraingo honetan are eta zalantza handiagoa sortu da.
‘Abc’ egunkari madrildarrak ere inkesta kaleratu du, eta datu are eta harrigarriagoak argitaratu ditu. Izan ere, EAJri 32-33 parlamentari eman dizkio. EH Bilduk 18-19 lituzke (gaur egun 18 ditu), PSEk 10 (bat gehiago), Elkarrekin Podemosek 7-8 (gaur egun 11 ditu) eta PP-Cs koalizioak 6-7 (egun 9 ditu).