EH Bildu datorren igandean «ezustekoa eman dezakeen bakarra» dela uste du Otegik
EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, EAJ eta PSE boto bila baino, egingo dituzten murrizketen konplizeen bila ari dira. Hori dela eta, ezkerreko poro aurrerakoi, subiranista eta antifaxista EH Bildun batzeko deia egin du Eibarren. BNGko ordezkaritza batek ere parte hartu du ekitaldian.
EH Bildu Eibarren izan da gaur kanpainako lehen asteari amaiera emateko asmoz. Denborra aurrera badoan arren, Arnaldo Otegik argi dauka oraindik asko dagoela jokoan eta EH Bildu dela datorren igandean «ezustekoa eman dezakeen bakarra».
Hori dela eta, «ezkerreko boto aurrerakoi, subiranista, abertzale, antifaxista eta errepublikazale guztia EH Bildun kontzentratzeko» deia egin du. «EH Bildu hazten ari da, pluralagoa eta zabalagoa egiten da. EAJk eta PSEk zure konplizitatea nahi dute betikoa egiten jarraitzeko; guk, aldiz, zure laguntza nahi dugu herri justu eta askea eraikitzeko», azpimarratu du.
Horren haritik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi du Urkulluk eta Mendiak ez dietela herritarrei boza eskatzen soilik. «Egiten ari diren eta egingo dituzten uko eta murrizketen konplize izateko» ari zaiela eskatzen adierazi du. Aldiz, gaineratu duenez, «EH Bildu ez da izan eta ez da izango ordena ekonomiko bidegabe eta anker baten konplize, ez eta askatasun nazionalak ukatzen dituen Estatu baten konplize ere. Horregatik eskaintzen da tresna baliagarri gisa: ahotsik gabekoen ahotsa izateko, kausa nazionalerako eta langileen kausarako baliagarri izateko, berdinen euskal errepublika eraikitzeko».
Mikel Otero Arabako zerrendaburua ere mitinean izan da eta berak Zaldibar izan du gogoan. Izan ere, bere ustez zabortegian gertatutakoak «EAJ eta PSEren ereduaren porrota» eta «kudeaketa gaitasunik eza» erakutsi ditu.
«Zaldibarren ez zen behar beste kontrolik egon, ez zen larrialdi egoera ongi kudeatu, ez zen familiekin eta inguruko biztanleriarekiko begirunerik izan eta, agian okerrena, arduradun nagusiek ez zuten aurpegia eman eta ez dira erantzukizun politikoak garbitu. Zaldibarrek erakutsi digu gure bizitzaren funtsezko kontuak ezin ditugula irabazi pribatuen eskuetan utzi eta, finean, Zaldibarren Urkulluk erakutsi zuen ez dagoela prest egoera zailak behar bezala kudeatzeko», salatu du.
Ekitaldian Galizako BNGko ordezkaritza batek hartu du parte, herrien arteko elkartasuna adierazteko asmoz. Datorren igandean Galizan ere hauteskundeak dire, eta gaur Eibarren Ruben Cela BNGko nazio idazkaritzako kidea izan da. Bai EH Bilduk bai BNGk «gauzak beste modu batean» egin daitezkela erakusten urteak daramatzatela esan zuen Celak, eta hori dena gobernuetara eraman behar dela gaineratu.