INFO
Entrevue
ADUR EZENARRO
Ordiziako alkatea

«Hasieratik esan dugu itsu-itsuan gabiltzala, ez dizkigutelako datuak pasatzen»

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak salatu duenez, Osasun Sailak ez ditu herrian eman den brotearen datuak partekatzen Udalarekin. «12.00etan ezagutu ditugu azkeneko datuak, eta ezagutu ditugu kazetariekin batera», adierazi dio NAIZi.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ETBn egindako adierazpenak.

Zein da gaur egungo egoera?
Nahasi samarra nabaritzen da. 12.00etan ezagutu ditugu azkeneko datuak, eta ezagutu ditugu kazetariekin batera. Nahiko itsuan gabiltza eta dagoeneko konfirmatu dira goizean zehar genituen susmoak, izan ere goitik behera ez dugu informazioa jaso, baino behetik gora zorionez bai.

Herritarrak deitu digute, alde batetik konfirmatzeko joan den igandean itxi genituen hiru taberna horietako langileek negatibo eman dutela, eta hori berri ona da, eta bestetik konfirmatu digute positiboak badaudela.

Ez genekien zenbat positibo zeuden, eta positibo horiek konfirmatu ditu Nekane Murgak 12.00etan, 14 dira. Ez dakigu positibo horietatik zenbat diren Ordizian antzeman direnak, eta gaur arratsalderako deitu da jarraipen mahai bat. Ordizian egingo da eta bertan neurriak erabakiko ditugu.

Guk edozein kasutan ez dakigu zer den datorkiguna, ez dakigulako zenbat positibo aterako diren, baina positiboak badaude. Oraingoz 300 probaren emaitzak falta dira, gaur 500 hitzordutik gora emanda daude. Sekulako ilarak daude proba egiteko eta bihar ere hitzorduak emanda daude. Ez dakigu zenbat positibo aterako diren.

Horri aurrera hartzeko, prekauzio bezala, biharko azoka bertan behera uztea erabaki dugu eta eraikin publikoak ere ixteko agindua eman dugu. Parkeak eta kirol-guneak ere itxiko ditugu. Ez dakigu egun bat barru edo bi egun barru atzera egingo ote dugun, edo gaur arratsaldean emango dizkiguten datuekin neurri gogorragoak hartu beharko ditugun. Momentuz uste dugu aurrea hartzea garrantzitsua dela eta hori da erabaki duguna.

Guztira 30 kasu daudela adierazi du Murgak?
Ez dakit 30eko kopuru hori zeri buruz esan duen. 14 gehi zazpi 21 dira. Zazpiko datu hori igandekoa zen eta nik ez dakit atzo besteren bat konfirmatu zen. Aipatu du 30 pertsona daudela oraintxe bertan fokoarekin erlazionatuta, ez dakit kontaktu zuzen bezala edo konfirmatu gabe. Ez dakit zer esan nahi duen datu horrekin.

Hasieratik esan dugu itsu-itsuan gabiltzala, ez dizkigutelako datuak pasatzen. Gu, jasotzen ditugun informazioen arabera, neurriak hartzen ari gara. Etengabe eskatzen ari gara mesedez datu horiek gurekin partekatu ditzatela baina ez dituzte gurekin partekatzen. Gaur egun ez ditugu ezagutzen Ordizian ditugun kasu guztiak.

Arratsaldeko bilera aipatu duzu, konfinamendua berriro ezarri daiteke?
Ez dakit, ez dakidalako ze datuekin etorriko diten. Bilera horretara lau alkate deituta gaude, Ordizia, Beasain, Lazkao eta Idiazabalgo alkateak. Nik Idiazabalgo alkatearekin hitz egin dut, eta berari iritsi zaio herrian bi kasu dituela. Ez dakit iragarri diren 14 positibo horiek nola banatzen diren lau herrien artean, eta ez dakit ezta ere positiboen portzentajea onargarria den edo ez.

Atzo Osasun publikotik adierazi ziguten hainbeste test eginda ezinezkoa zela ehuneko ehun negatiboa izatea, hori ere guk asumituta geneukan. Orain ateratzen diren positiboak ez dakigu onargarriak izan daitezkeen, normalak diren edo ez. Datu horiek jakin bitartean gu aurreratu egin gara eta neurriak hartu ditugu. Baina datuak txarragoak baldin badira eta konfinamendura iritsi behar baldin bagara, konfinamendura iritsiko gara.

Esan dutenez, Lleidatik etorritako pertsona bat izan daiteke koronabirusa ekarri duena.
Ez genekien. Sarri tabernan kokatzen den foko horretan ez dakigu zein pertsona zeuden, ez dakigu nondik etorri ziren. Fernando Simonek atzo datu hori eman ondoren Osasun Publikoarekin hitz egin genuen eta konfirmatu ziguten beraiek egindako ikerketaren arabera badirudiela taberna horretan bazegoela pertsona bat edo pertsona batzuk beste erkidego batetik etorriak zirenak, eta uste zutela pertsona horiek zirela birusa ekarri zutenak. Guk ez genekien Lleida zenik eta gaur baieztatu da.

Nolakoa da herrian dagoen giroa? Beldurra nabaritzen da?
Bai. Ez dakigu zeri egiten ari garen aurre eta ezinegona dago, batez ere jende nagusiaren artean eta merkatarien artean. Ikustea besterik ez dago zelako ilarak dauden PCRak egiteko.