INFO

Abertzaleen arteko lehia estua eta EH Bilduren gorakada nabarmena Gipuzkoan

Espero zen bezala, Gipuzkoan EAJ eta EH Bildu nagusitu dira, bi alderdi abertzaleen arteko lehia estu batekin. Bakartxo Tejeria jeltzalearen hautagaitza nagusitu da azkenik, boto kopuruan behera egin arren, eta EH Bilduk gorakada esanguratsua izan du. PSEk bere lekua mantendu du, Elkarrekin Podemosek eta PPk behera egin duten bitartean. [Emaitza guztiak, NAIZen webgune berezian]

Ezohiko testuinguruan ospatu dira hauteskundeak. Irudian, Hernaniko ilara (Jon URBE / FOKU)

Gipuzkoan jarrita dago gaurko foku nagusietako bat, besteak beste, Ordizian koronabirusaren agerraldiaren ondorioz emandako egoera dela eta. Baita Zaldibar (Bizkaia) inguruko herri gipuzkoarretan egon zitekeen joera aldaketagatik. Gauzak horrela eta parte-hartzearen jaitsiera kontuan izanda, alderdi abertzaleen nagusitasuna berretsi da lurraldean. Baita EH Bilduren goranzko joera ere.

Hala, zenbaketa ia %98an dagoenean, EAJ nagusitu da eta jokoan dauden 25 eserlekuetatik 10 lortuko lituzke, orain lau urte baino bat gehiago. Boto kopuruan, ordea, behera egin dute jeltzaleek. Jarraian EH Bilduk 9 lortuko lituzke –2016an baino bat gehiago– boz kopuruan nabarmen gora eginda. PSEk orain dituen 3 eserlekuak mantenduko lituzke, boto kopuruan behera egin arren. Elkarrekin Podemosek azken hauteskunde hitzorduetan jasandako beheranzko joera mantentzen du eta eserleku bat galduko luke, EH Bildu eta EAJren mesedetan. PP-Cs koalizioak ere eserleku bat galduko luke eta bakarrean geldituko litzateke.

Zenbaki guztiak eskuan izateke, argi dago alderdi abertzaleen arteko batuketak gehiengo oso zabala ordezkatzen duela eta azken hitzorduetako datuekin alderatuta bada aldaketa esanguratsuren bat. Esaterako Debagoienako hainbat herritan EH Bilduk gora egin eta EAJk baino boto gehiago jaso ditu. Zaldibarko zarbotegian izandako istripuak eta haren inguruko irregulartasunek hauteskundeetan zein eragin izan zezaketen zen galdera nagusietako bat. Datu gisa, Eibarren PSEk eta EAJk botoak galdu dituzte, nahiz eta jeltzaleak nagusitu diren. EH Bilduk gora egin du bitartean. PSEren gotorleku da Eibar eta berea du alkatetza alderdiak, orain lau urteko hauteskunde autonomikoetan, aldiz, EAJ nagusitu zen.

Arrasaten EH Bildu nagusitu da botoetan gora eginez. Orain lau urte nagusitu zen EAJk botoak galdu ditu hemen ere. Eskualde honetako beste herri batzuetan ere nagusitu da Maddalen Iriarte buru duen hautagaitza, besteak beste Bergaran, Antzuolan, Elgetan edota Aretxabaletan.

Goierrin dago beste interesgune nagusi bat. Ordizian nabarmen igo da EH Bilduren aldeko joera. 1.747 boto lortu ditu alderdi independentistak, EAJk aldiz behera egin du Goierriko herri honetan eta 1.268 boto lortu ditu. Beste herri batzuetan ere nagusitu da EH Bildu, esaterako, Lazkaon, Ataunen, Zegaman, Zaldibian edota Seguran. Alderdi independentistak jasotako emaitza onen artean aipatu behar da, baita ere, Andoaingo kasua. 2.046 boto lortu ditu bertan, EAJk 300 boto baino gehiago galdu dituen artean (1.541). Zumaian, Tolosan, Azpeitian, Pasaian eta Legazpin ere nagusi da EH Bildu, besteak beste, horietako batzuetan gora eginez EAJk behera egin duen bitartean.

EAJ nagusitu den herrien artean daude Zarautz, Hondarribia, Eskoriatza, Zumarraga, Aia, Azkoitia, Elgoibar edota Deba.

Gipuzkoako erradiografia osatzeko, aipagarria da Elkarrekin Podemosen beheranzko joera, baita PSErena ere, azken honek eserleku kopurua mantentzen duen arren. PP-Cs koalizioak botoen erdia baino gehiago galdu du eta eserleku bakarra izango du, bat galduta. Hala, eskuin espainiarra bazterreko aukera dela berretsi dute datuek.