Bilbao Basketek Felipe Dos Anjos 2.18 metroko pibot brasildarra fitxatu du bi urterako
Bizkaitarrek jokalari brasildarra fitxatu dute datozen bi denboraldietarako eta taldea itxi dute dagoeneko. Talde bilbotarreko jokalari berriak 22 urte ditu, eta 2.18 metroko garaiera, eta ACB Ligan jokatu du jada, lau partidatan aritu baitzen 2017-2018 denboraldian San Pablo Burgosen.
RETAbet Bilbao Basketek fitxaketekin amaitu duela esan daiteke. Felipe Dos Anjos pibotaren etorrerak postu guztiak ziurtatuta ditu talde bizkaitarrak.
Horrela, Alex Mumbruk zuzenduko duen taldea honakoa izango da: Jonathan Rousselle eta Ludde Hakanson antolatzaileak; Jaylon Brown, Quentin Serron eta Tomeu Rigo eskoltak; Jaroslaw Zyskowski eta Alex Reyes hegalekoak; Arnoldas Kulboka eta Moses Kingsley ala-pibotak eta Ondrej Balvin, Aaron Jones eta Dos Anjos pibotak.
Klubak jakinarazi duenez, Felipe Dos Anjos pibot brasildarra Real Madrilen harrobian hezi zen, kadete mailan hasita. Junior kategorian 2015eko Europako Txapelketa irabazi zuen, Luka Doncic Dallas Mavericks taldeko izarrarekin batera.
Azken hiru urteetan Urrezko LEB mailako hiru taldetan aritu da: Unión Financiera Oviedo, Club Melilla Baloncesto eta Chocolates Trapa Palencia. Miribillan jokatu zen Lauko Finalean Palentziako taldearekin aritu zen, eta bilbotarren aurkako finalaurrekoan 13 puntu, 6 errebote eta 2 txapel egin zituen.
Rafa Pueyo RETAbet Bilbao Basketeko kirol zuzendariaren hitzetan, jokalari brasildarrak «lana eta energia» emango dizkio taldeari, «ACBn eta Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera aprobetxatu nahi duelako». Uztai inguruan eraginkorra dela nabarmendu du, «baloirik gabe egiten dituen mugimenduekin abantaila lortzen baitu».
«Defentsan probetxua lortzen du bere garaierari eta gorpuzkerari esker txapelak jarriz eta aurkarien jaurtiketak aldaraziz. Hobetzeko aukera duen jokalaria dela uste dut, eta Ondrej Balvin moduko jokalari ikasiago batekin egunero entrenatzeak asko lagunduko dio», esan du.