Auzitegiak Haranburu aske uzteko eskaera onartu arren preso segiko du, fiskalak helegitea aurkeztuta
Iragan apirilean kartzelaldiaren 30. urtean sartu zen Frederic ‘Xistor’ Haranburu presoak aurkezturiko hirugarren askatasun eskaera aztertu zuen uztailaren 9an Parisko Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak (TAP, fransesez). Defentsak inoiz baino txosten gehiago aurkeztu bazituen ere –Baionako Fiskaltzak berak senpertarra aske uzteko oztoporik ez zela adierazi zuen– fiskalak eskaeraren kontra ohiko jarrera hartu zuen. Auzitegiak gaur jakinarazi duen erabakiaren arabera, epailea ados da Haranburu aske uzteko. Alta, fiskalak helegitea ezarri ondoren senpertarrak preso jarraituko du.
Joan zen uztailaren 9an, azken 30 urteak espetxean eman dituen Frederic Xistor Haranburu euskal presoa aske uzteko arrazoiak berriz ere entzun ziren Zigorrak Ezartzeko Auzitegian (TAP, frantsesez).
Fiskalak eskaeraren kontra ohiko jarrera hartu ondoren erabakia gaur jakin da. TAP delakoa Haranburu aske uztearen alde agertu da. Alta, fiskalak helegitea jarri duenez, Dei Auzitegira pasatuko da afera. Anartean senpertarrak preso jarraituko du.
Duela urtebete aztertu zuen aipaturiko auzitegiak 66 urteko presoak baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aurkeztu zuen bigarren eskaera.
2019ko uztailaren 5ean jakinarazi zuten zehazki auziaren emaitza. Epaileak eskaera babestu zuen, baina prokuradoreak helegitea ezarri ondotik, dei auzia iragan zen irailean. Iazko urriaren 10ean, Xistor Haranburu kartzelan atxikitzeko erabakia plazaratu zuen Dei Auzitegiak.
Hala eta guztiz ere, preso senperarra aske uzteko bere defentsak aurkezturiko hirugarren eskaerak bazuen elementu berri bat.
Maritxu Paulus Basurco abokatuak nabarmendu zuenez lehen aldiz Baionako Fiskaltza berak babestu zuen eskaera. Lehenagotik ere espetxe zuzendariak eta beste hainbat administraziotako ordezkariek ere sostengatu zuten Haranbururen defentsaren desmartxa.
Alferrik. Terrorismoaren aurkako fiskaltzak ohiko argudioak eman zituen presoa kartzelan atxikitzeko.
Alarma soziala eta presoak jarduera armatuari berriz ekiteko arriskua aipatu zituen auzian eta bi argudio horien gainean badira 30 urte Haranbururi egotzi zizkieten ekintzen «larritasuna» goraipatu zituen fiskalak.
Gaurko epaiaren bidez argudio horiek deuseztatu du epaileak. Hala eta guziz ere fiskalak dei egin duenez presoaren egoera ez da oraingoz aldatuko.
Hil arteko kartzela zigorra salatzeko ekimena, Senperen
Behin behineko erabakia ezagutu ondoren, Haranbururi askatasuna emateko erabakia babeseko eskaera luzatu zion uztailaren 9an epaileari.
Izan ere, atzo, ‘Sud-Ouest’ kazetan argitaraturiko gutun ireki baten bidez zigor luzeak bete dituzten presoen egoera aldatzeko beharra nabarmendu zuten Mixel Berhokoirigoin bakegikeak eta Bake Bidea elkarteko lehendakari den Anaiz Funosasek. Hain zuzen Parisko gobernuari luzaturiko eskaeraren jasotzaile egin zuten Senperen etxea duen Bruno Le Maire ministroa.
️Ikusi gaur @sudouest egunkarian Bruno Le Maire ministroari idatzi dugun gutun idekia.
— Artisans de la Paix #OrainPresoak (@Artisans_Paix) July 23, 2020
️Larunbatean denak Senperera! pic.twitter.com/wuuvBr3EXT
Era berean, uztailaren 25ean, ‘Heriotzeraino kondena bete? 30 urte aski da! Xistor askatu!’ lelopean Senperen deituriko mobilizaziora joateko deitu dute bakegileek eta Bake Bideak. Etxerat elkarteak babestu du deialdia baitaere.
Biharko hitzordua goizeko 11.00etan ezarri dute Senpereko bi itzulguneetan: Netto supermerkatuaren ondoko biribilgunean bilduko dira BAM (Baiona, Angelu, Miarritze) eta Lapurdi Barnealdetik helduko diren herritarrak, eta Xisteraren itzulgunean, berriz, Lapurdi hegoaldekoak.