INFO

Yihadisten erasoek Maliko krisi politiko larrian piko egiten dute

Maliko Armadak eraso berriak pairatu ditu azken orduetan eta gutxienez 10 baja jasan ditu. Yihadisten etengabeko ofentsibak herrialdeak bizi duen krisi politiko larria areagotu baino ez du egiten. Nazioarteak gero eta urduriago ikusten du Maliren etorkizuna.

Boubou Cisse Maliko lehen ministroa eta Ibrahim Boubacar Keita presidentea. (Michele CATTANI-AFP)

Gutxienez bost soldadu hil eta beste hainbeste zauritu dituzte yihadistek Mali erdialdean, Bamakotik 300 bat kilometrotara ipar-mendebalderuntz, egin dituzten bi erasoetan.

Aurrekoan Armadaren konboi bati segada egin diote, Diabali eta Gomacoura artean. Bigarrenean azken herri horretan kuartel baten aurka eraso egin dute yihadistek, artilleria astuna erabiliz.

Gomacura herria Segou eskualdean dago, Mauritaniako mugatik 100 bat kilometrotara.

Ekainaren erdialdean gutxienez 24 soldadu hil zituzten yihadistek Diabalitik gertu izandako eraso batean. Urte hasieran, urtarrilaren 26an, beste 20 bat hil ziren inguru haietan Islamari eta Musulmanei Sostengurako Taldeak (GSIM) bere egin zuen erasoan. GSIM Saheleko talde yihadistarik indartsuena da eta Al Qaedaren aginpean dago.

Bertako predikadore batek, Amadou Koufak, GSIMekin bat egin zuen 2017an eta peul tribu nomadaren kide asko eraman ditu Al Qaedaren altzo hilgarrietara.

Peulak (Fulani ezizenarekin ere ezagutzen dira) aspalditik dogoien tribu sedentarioarekin lehiatu izan dira, lurra nork eskuratu erabakitzeko.

Nazio Batuen misioak, Minusmak, eskualdean fulanien aurka errepresio bortitza egotzi dio Armadari, urtarrila eta apirila bitartean gutxienez 50 zibil erahil dituela salatu duelarik.

«Maliko Indar Armatuek momentuz bost hildako eta bost zauritu jasan dituzte eta hainbat ibilgailu galdu dituzte», azaldu du Armadak idatzi batean, eskualdera errefortzuak bidali dituela gaineratuz.

Ahuldade politikoa

Malik eta orohar Saheleko herrialdeek gero eta eraso gehiago pairatzen dituzte yihadisten aldetik. Al Qaeda eta Estatu Islamikoa bertan daude, nork min gehiago egin lehia bizian. Gainera, komunitate eta tribuen arteko liskarrak erabiltzen dituzte bazterrak nahasteko.

Hori gutxi balitz, Frantzia metropolia zenaren menpe jarraitzen duten Saheleko bost Estatuak –Burkina Faso, Chad, Mauritania, Niger eta Mali bera– oso ahulak dira.

Maliko kasuan guzti horri krisi politikoa gehitzen zaio. Oposizioak gaurtik agortutzat eman du Aïd al-Adha jai musulmanaren inguruko tregua eta jarraitzaileei kalera ateratzeko deitu die.

Ekainaren 5eko Mugimenduak (M5-RFP) hauteskunde iruzurra salatu zuen eta hainbat barrutietan boza indargabetu zuen Auzitegi Konstituzionala berritzea lortu du. Hala ere, uko egin dio batasun gobernu baten sartzeko Boubou Cisse lehen ministroak egin dion gonbiteari eta Ibrahim Boubacar Keita presidenteak kargua uzteko exijitzen du.

Bitartean desobedientzia zibilarekin jarraitzeko asmoa du eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Komunitatearen (CEDEAO) bitartekaritza lanak ez du fruiturik eman.