INFO

Nafarroako ikastetxeetako zuzendarien elkarteek irakasle gehiago eskatu dizkiote Gobernuari

Nafarroako Hezkuntza Sailak eta herrialdeko ikastetxeetako zuzendarien elkarteetako odezkariek bilera egin dute astelehen honetan, 2020-2021 ikasturtearen hasieraz eta covid-19aren aurkako kontingentzia protokolo eta planeai buruz hitz egiteko.

Bastidako zentro bateko gela bat. (Raul BOGAJO/FOKU)

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza sailburuak bileran azaldu duenez, aurrez aurreko hezkuntzara itzultzea «uko egin ezinezko helburua» da eta, norabide horretan, gaineratu du kontingentzia planak etengabe ebaluatzen ari direla, prebentzio neurriak hobetzeko.

Egoera horretan, astelehen honetako bilerak Hezkuntza Saila eta Nafarroako hezkuntza-komunitateko kide guztiak elkartzeko beste erronda bat irekiko du, aste osoan zehar luzatuko dena eta hezkuntza-eragileekin adostutako eskoletarako itzulera bideratuko duena.

Bileran izan dira Erriberako Haur eta Lehen Hezkuntzako Zuzendarien Elkartea, Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako Zuzendarien Elkartea (ADIPNA), Nafarroako Institutuko Zuzendarien Elkartea (ADI) eta D ereduko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen NIZE elkartea.

Oro har, elkarteek Hezkuntza Sailari eskatu diote ikasturtea hasi aurretik irakasleei covid-19a antzemateko test serologikoak egin diezazkiela, eskolaz kanpoko jarduerak ken ditzatela eta osasun zentroetako lehen mailako arretako profesionalekin koordinatzeko bide zuzenak jar ditzatela.

Gimenok iragarri die aste honetan bertan jakinaraziko dituztela ikastetxeetan kasu positiboen aurrean jarduteko protokoloak, Osasun Sailarekin landutakoak eta oso aurreratuta daudenak.

Elkarteek interesa agertu dute, halaber, ikastetxeetako higiene- eta prebentzio-materialei buruz, jantokien jarduerari buruz edo eskola-garraioari lotutako kontuen inguruan.

Hezkuntza Sailak jakinarazi die ikastetxe bakoitzeko Ikuskaritza izango dela covid-19ari aurre egiteko aferei dagozkien kontuetan. Halaber, gogorarazi zaie jantoki-zerbitzua ikastetxeetan mantenduko dela.

Zuzendarien elkarteek ikastetxeetako irakaslegoa indartzeko eskatu dute, ikasleen arreta eta zaintza hobetzeko.

Gimeno sailburuak Nafarroako Gurasoen Mahaia bilduko du bihar, asteartea, ikasturte hasierari buruzko iradokizunak entzuteko eta egiten ari diren jardueren berri emateko.

Asteazkenean, hilak 19, Hezkuntzako Mahai Sektorialaren beste bilera bat deitu dute, eta bertan hezkuntza publikoa ordezkatzen duten sindikatuak izango dira.

Hezkuntza itunduko patronalekin eta Minusbaliotasuna duten Pertsonen Nafarroako Erakunde Ordezkarien Batzordearekin (CERMIN) ere bilduko da aste honetan.