INFO

OMEk pandemia geldiarazteko immunitate kolektiboan itxaropenik ez jartzeko eskatu du

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) astearte honetan ohartarazi duenez, «ez dugu immunitate kolektiboak pandemia geldiaraziko duen ilusioarekin bizi behar», eta gogorarazi du mundua babes horretatik urrun dagoela.

OMEren egoitza Genevan. (Fabrice COFFRINI/AFP)

«Badakigu munduko biztanleen %10ek baino gutxiagok dituztela SARS-CoV-2ren aurkako antigorputzen ebidentziak», adierazi du Maria von Kerkhove pandemiaren aurka borrokatzeko OMEko buruak prentsaurreko birtual batean.

Datu hori berrogei herrialdetan egindako ikerketa serologikoetatik dator (gaixotasun baten aurkako antigorputzen organismoaren presentzia neurtzeko), non «antigorputzen hainbat metodo eta test» erabili diren.

Eremu espezifikoetan, adibidez birusarekiko esposizio handia izan duten pertsona-taldeen artean, hala nola osasun-langileen artean, azterketek populazioaren %20 eta %25 arteko antigorputzak detektatu dituzte.

Horrek esan nahi du eskualde guztietako biztanleriaren gehiengo handi batek kutsatzeko arriskua izaten jarraitzen duela. «Horregatik azpimarratzen dugu guztiok dugula kutsatzea saihesteko ardura, eta, gertatzen bazaigu, birusa beste batzuei ez pasatzeko ardura», esan du Von Kerkhovek.

Mike Ryan OMEko Larrialdi Saileko zuzendariak nabarmendu zuenez, «txertorik gabe immunitate kolektibo batetik urrun gaude», eta hori, covid-19aren kasuan, komunitate baten zati handi batek gaixotasunarekiko immunitatea garatzen duenean gertatuko litzateke, horrela, kutsatzeko arriskua murriztuz.

Immunitate kolektibo bat gertatzeko, populazio baten %60tik %80ra kutsatu beharko zela esan dute adituek, baina beti dago zabalik babes horren iraupenari buruzko galdera.

«Galdera asko daude airean, lan zientifiko asko dugu aurretik, baina esan dezakeguna da ez gaudela gaixotasuna gelditzeko behar den immunitate mailatik gertu. Koronabirusa geldiarazteko egin dezakegun horretan jarri behar dugu arreta eta ez dugu immunitate kolektibo batek salbatuko gaituen ilusioan bizi behar», azpimarratu du Ryanek.

Txertoaren eginkizuna

Etorkizunean covid-19aren aurkako txerto batek edo gehiagok izango lukeen rolari dagokionez, OMEk argitu du ez dela nahastu behar «txertatutako jendea babestutako jendearekin».

«Txerto batek jendearen %80an funtziona lezake, edo agian %50ean edo %60an, beraz, txertaketa-estaldura eraginkortasunarekin biderkatu beharko litzateke, benetan babestuta legokeen jendearen ideia bat izateko», azaldu du Bruce Aylward OMEko aholkulari zientifikoak.

Beraz, momentura iritsitakoan, herri edo herrialde bateko %50ak bakarrik hartzen badu txertoa, hori ez da nahikoa izango biztanleria osoa babesteko.