INFO

Karmele Jaio, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriagaren bertso-saioa

Karmele Jaiok kantuan jarriko ditu Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga asteazken honetan arratsaldean Bilboko Bidabarrietako liburutegiko aretoan, Bertso-Literatura Topaketen barnean. Gasteizko idazlearen mota honetako estraineko saioa izango da.

Karmele Jaio. (Endika PORTILLO / FOKU)

Bere azken eleberria, ‘Aitaren etxea’ (Elkar), liburu salduenen zerrendaren lehen postuan mantentzen ari da astero. Berriki, 111 Akademiaren saria jaso du; hau da, Akademia osatzen duten kideen iritziz, ‘Aitaren etxea’ izango baita 2019ko libururik onena.

Eta asteazken honetan bertsolaritzaren munduan murgilduko da Karmele Jaio idazle gasteiztarra eskarmentu handiko bi bertsolarien laguntzarekin; Maialen Lujanbio txapelduna eta Unai Iturriaga, alegia.

Bertso-saio literario izenez bataiatu diren saioetan, idazle batek kantuan jarriko ditu bi bertsolari. Kasu honetan Karmele Jaioren aginduetara, bat-batean arituko dira kasuan kasuko bertsolariak. Idazleek pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkie bertsolariei.

Hitzordua gaur asteazkenean 19.00tan da, Bilboko Bidebarrieta Liburutegiko aretoan. Sarrerak, 5 eurotan, Bilbao Kulturan eskuratu daitezke. Bertan, akats bategatik, Unai Iturriagaren ordez Unai Elorriaga idazlearen izena aipatzen duen arren.

Ekitaldia Bilbao Uda 2020 egitarauaren barne dago; hau da, Bilboko Udalak koronabirusak ezabatutako uda kulturalari bizigarri pixka bat emateko atondutako ekitaldien barne.

Antolatzaileek diotenez, «hiru autoreren arteko elkarlana izango dira saiook: hiru ahots elkarlanean. Erregistro guztiak lantzeko ahalbidea ematen duen saioa da: umorezkoa, poetikoa, narratiboa, akziozkoa, dialektikoa...Bertso-saio baten ohiko moldeak hautsi gabe (bat batekotasuna, testuingurura egokitzea etab.), literaturaz gozatzeko aukera eskaintzen da».