INFO

Mutrikuk kutsatuen bigarren tasa handiena du Gipuzkoan baina Lakuarentzat ez dago fokurik

Azken zazpi egunetan, 100.000 biztanletik kutsatu kopuru gehien dituen Gipuzkoako bigarren udalerria da Mutriku, tasa 712,42koa delarik –Orexaren atzetik–. Gipuzkoako batez bestekoa 75,57 da eta Azpeitikoaren gainetik kokatzen da (684,16). Mutrikuko Udalak kezka helarazi dio Lakuako Osasun Sailari, PCR probak herrian egin daitezen eskatuz; Lakuarentzat Mutrikukoa ez da covid-19aren foko bat.

Mutrikuko portuan bi herritar paseatzen, lehen fasera pasatu berritan, maiatzean. (Jon URBE / FOKU)

Astebetean 38 kutsatu berri antzeman dira Mutrikun –azken 24 orduetan, zortzi– eta honekin, Gipuzkoan kutsatuen tasa handiena duen bigarren udalerria da bera. 100.000 biztanletik 712,41 pertsonakoa da tasa (5.400 biztanle ditu) eta Orexaren atzetik kokatzen da. Nolanahi ere, Orexan (114 biztanle ditu) azken astean kutsatu bakarra antzeman da.

Beraz, EAE mailan, tasarik handiena duen laugarren herria da, Zamudio (1.496,64), Zuia (845,67) eta aipatu Orendainen atzetik (909,09).

Abuztuaren 5etik 11ra bitartean antzemandakoen kopurua (14) ia hirukoiztu egin da azken astean; 12tik 18ra bitartean, alegia.

Hala, Mutrikuko Udalak herritarren artean dagoen kezka helarazi dio Osasun Sailari eta PCR probak herrian egitea eskatu zaio, duela egun batzuk argitaratutako ohar batean aipatu legez.

«Azken egunetan ematen ari diren datuak ez dira nolanahikoak», adierazi du, bideo baten bitartez, Garoa Arizmendi zinegotziak.

Azaldu du Osasun Sailak ez duela proba hauek egiteko beharra ikusten momentuz: «Euren hitzetan herrian bizitzen ari garena ez omen da covid-19aren foku kontsideratzen eta gainera positiboak azken egunetan beherantz doazela argudiatzen dute».

Azken egunetako kutsatuen balantzea honakoa da, Osasun Sailaren datuen arabera: 4 kutsatu abuztuaren 12 eta 13ko datuetan, 10 pasa den ostiralean, 7 larunbatean, 4 igandean, 1 astelehenean eta 8 atzo.

PCR-a egiteko, Mendarora edo Eibarrera joan behar

Mutrikuarrek, kutsaturen batekin kontaktuan egon badira edo kutsatu direnaren zantzuak baldin badituzte, Mendaro edo Eibarko ospitalera joan behar izaten dira; hau da, ez daukate herrian PCR probak egiteko eskubiderik.

Honekin, Udalak azaldu legez, beste arazo bat identifikatu da eta hau ere Osasun Sailari helarazi zaio. Izan ere, PCR proba egin behar zuenari laguntze asmoz, «hainbat laguntzaile eta autogidari berrogeialdian egotera ekarri du azken egunetan».

Garoa Arizmendik, Udalaren izenean, nabarmendu du duela gutxira arte kutsatuta zeuden herritarrak ez zirela asko baina «azken egunetan birusa gure herrian dabil eta positiboen kopuruak gora egin du nabarmen». 

«Ez dira momentu samurrak, guztion artian aurrea eingo degu», aipatu du zinegotziak eta, nahiz eta eskuartean «berri onik» izan ez, «gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu». Kutsatuei, gaixorik daudenei, berrogeialdia egiten daudenei eta inguruko guztiei babesa eman eta laguntza eskaini nahi izan die Udalak.