INFO

Arturo Campionen biografia argitaratu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak argitalpen berri bat plazaratu du, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, ‘Biografía de Arturo Campion’ izenekoa. Joxemiel Bidador euskaltzale nafarraren paperen artean alargunak aurkitutako testua da.

Arturo Campion idazle eta politikoa 30. hamarkadan, Gerardo Zaragüetak ateratako argazkia batean. (NAFARROAKO MUSEOA)

Joxemiel Bidador (1970-2010) euskaltzale nafarraren alargunak, Idoia Sarak, senarraren paperen artean Jos eAgerre (1889-1962) euskaltzain osoak Arturo Campioni (1854-1937) buruz idatzitako gogoetak aurkitu zituen. Haietan, Campionen lan literario eta jardun politikoaren berri ematen zuen euskal idazle eta politikari jeltzaleak.

Bidadorrek Agerreren liburuan oinarrituta prestatuko lana da Euskaltzaindiak Euskaltzainak sailean argitaratu duen liburu berria, gaztelaniaz idatzita. Lana Euskaltzaindiaren webgunean eta Elkar liburu-dendetan eskura daiteke.

Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta euskaltzain osoek koordinatu dute edizioa eta sarrera ere beraiena da. Haien hitzetan, biografia hau ‘matrioxka’ gisakoa da, Arturo Campionen lanari buruz ari den arren, historialari, politiko eta idazle nafarraren bizitzaren pasarteen atzean Jose Agerreren eta Joxemiel Bidadorren begiradak daudelako.

Hiru belaunaldi, orain arte ezkutuan egon den lan batean bilduta.

Jose Agerre 1919an izendatu zuten euskaltzain; Nafarroako bigarren ordezkaria izan zen Campionen atzetik. EAJ alderdiko buru Nafarroan, 1918-19 urteetan ‘Napartarra’ (1913-1919) alderdi horretako aldizkariko zuzendaria izan zen, gero ‘Amayur’ aldizkarikoa (1931-1936) eta 1932an ‘La Voz de Navarra’ egunkariko zuzendaritza eman zioten. Zeregin horretan iraun zuen gerrak eztanda egin eta periodikotik bertatik preso eraman zuten arte, 1936ko uztailaren 19an.

Klandestinitatean EAJko EBBko lehendakaria izan zen 1957tik 1962ra.

Joxemiel Bidador, bestalde, lorratz handiko ikertzaile, idazle, irakasle eta dibulgatzailea izan zen. Folklorean eta literaturan, baita kazetaritzan ere, lan mardula egin zuen.