INFO

40.000 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute Errusiako txertoaren entsegu klinikoetan

Errusiako Gobernuak jakitera eman duenez, 40.000 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute herrialdeak erregistratu duen covid-19aren aurkako txertoaren «eskala handiko» entsegu klinikoetan. Beste herrialde batzuek ere hartuko dute parte txerto horren proba fasean, bai eta hura ekoizteko lanetan ere.

Binnofarmeko instalazioak, Zelenograden, Errusiak covid-19aren aurkako txertoa ekoizteari ekin dion tokia. (Alexander NEMENOV/AFP)

Kiril Dimitriev Errusiako Inbertsio Zuzeneko Funtseko zuzendari nagusiak iragarri duenez, covid-19aren aurkako txertoen entseguak datorren astean hasiko dira, eta «nazioarteko arauak beteko dituzte». Izan ere, Sputnik V izeneko txertoa hain azkar erregistratu ondoren, hainbat adituk haren eraginkortasuna zalantzan jarri baitute.

Hasiera batean, Errusian hasiko dira probak, baina abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran beste herrialde batzuetara egingo dute salto. Errusiaren kasuan, saiakuntzak arrisku-taldetzat hartzen diren pertsonen txertaketarekin bat etorriko dira, adibidez, osasun eta hezkuntza arloko langileen txertaketarekin, Sputnik albiste agentziaren arabera.

«Azaroan edo abenduan has gaitezke txertoa atzerriko merkatuei ematen, eta Errusian txertaketa masiboa urrian hasiko da», adierazi du Dimitrievek.

Errusiako txertoaren «eskaera handia» dagoela ziurtatu du Dimitrievek. Ekoizpen lan horietan parte har dezaketen herrialdeen artean Brasil, Kuba, India eta Ipar Korea daude, Dimitrieven arabera, «proiektuarekin bat egiteko beharrezko gaitasunak baitituztelako». Bestalde, entseguak, Arabiar Emirerri Batuetara, Saudi Arabiara eta Filipinetara zabalduko lirateke.

Covid-19aren aurkako txertoa lortzeko lasterketa «ez politizatzeko» eskatu du Dimitrievek, «Zenbat eta txerto gehiago egon, hobe gizateriarentzat», gaineratu du.