INFO

Hiru urte geroago, rohingyak usteltzen Bangladesheko errefuxiatu eremuetan

Mohammad Jubair Bangladesheko gainezka dauden errefuxiatu eremu batean bizi da, 738.000 rohingya bezala. Gaur duela hiru urte Myanmarreko Armadak ekin zion erasoaldi militarretatik ihes egin zuen eta otoi batekin oroituko du egun madarikatu hura.

700.000 rohingya «bizi» dira Bangladesheko errefuxiatu eremuetan etxetik ihes egin behar izan ondoren. (Munir UZ ZAMAN-AFP)

Koronabirusa dela eta aurten ez da iaz moduan protestarik egongo, gaurko egunean Myanmarreko gobernuari beren etxera bermeekin itzultzeko eskubidea exijituz 100.000 rohingya bildu zirenean.

«Ez dut protestatan parte hartuko, bakarrik otoi egingo dut. Egun oso mingarria da guretzat. Myanmarreko militarrek gure jendea erahil zuten eta gure lurraldetik bota gintuzten», gogora ekartzen du Jubairrek.

Berea bezala milaka eta milaka izan ziren 2017ko abuztuaren 25ean ihes egin zuten familiak, Myanmarreko Armadak Rakain eskualdean (Arakan, mendebaldean), rohingyen talde armatuaren atentatu andanaren aurrean modurik bortitzenean erantzun zuenean

Nazio Batuen Erakundeak garbiketa etniko baten eta agian genozidio baten aurrean geundekeela salatu zuen eta Nazioarteko Justizia Gorteak (CIJ) 2018ko urtarrilean hainbat neurri ezarri zizkion Myanmarreko Gobernuari rohingyen aurkako krimenak ekidin zitzan.

Hiru urte bete dituzte jada Bangladesheko errefuxiatu eremuetan eta duela urtebeteko manifestazio erraldoiaren ostetik internetik ere ez dute. «Bertan jarraitzen dute, ezer ez egiten eta irteteko aukerarik gabe. Ezin dute komunikatu kanpoko inorekin… Rohingyek bizi duinagoa merezi dute», salatzen du giza eskubideen aldeko ekintzaile bangladeshtarra den Nur Khan Liton-ek.

Jubairrek baietz dio begiekin eta bide batez bere seme-alaben egoerak kezkatuta dauka. «Ez dute inolako hezkuntzarik jasotzen eta bizia alperrik galtzen ari dira».

Aberriratzea, amets hutsa

Bera bezala asko dira etxera itzuli nahi duten errefuxiatuak. Baina pandemiaren aitzakiarekin Myanmarrek eten egin ditu Bangladeshekin negoziazioak. Aurretik ere rohingyak aberriratzeko elkarrizketek bi aldiz porrot egin dute, besteak beste bolondresik agertu ez zelako.

Amnesty Internationalek gaur bertan salatu duenez, Myanmarreko Gobernuak ez du oraindik CIJk Rakainen rohingyak babesteko agindua bete.

AIren esanetan, rohingyak eta beste gutxiengo batzuk Myanmarreko Armadaren (Tatmadaw) eta Arakan Armadaren (AA, rakain etniaren gerrila) arteko gerraren erdi-erdian daude, harrapatuta.

«Gerra amaitu zela uste genuen baina beste bat hasi da. AA eta Tatmadaw liskarretan aritu dira egunero gure herrixkaren ondo-ondoan», azaltzen du U Shawfi, Phon Nyo Leik izeneko herrixka rohingyaren buruzagia, Rakainen iparraldean.

Azken hilabetean ez omen da enfrentamendurik egon baina Shawfik, 41 urte, etxetik ateratzeko murrizketak eta interneten  mozketa etengabeak salatzen ditu.

AI-k internetik ez egoteak benetako egoera zein den jakitea zaildu egiten duela ohartarazi du baina bideoen eta satelite irudien bitartez ihes egitera behartu zuten rohingyen lurretan eraikin ofizialak egiten ari direla atzeman du. «Gainera, Covid-19a izugarrizko mehatxua da aurretik osasun egoera larria bizi zuen lurraldean», gogoratu du.

Human Rights Watch-ek (HRW) «errefuxiatu rohingyen borondatezko itzulera segurua» bermatzea exijitu dio Myanmarreko Gobernuari.

NBE-ak ere argi du errefuxiatuak prest daudela itzultzeko baldintzak ematen bazaizkie. «Inork ez du nahi bere bizi osorako errefuxiatua izatea. Rohingyek etxera itzultzea nahi dute, baina eurak eta beren familiak salbu daudela ziurtatu ondoren», gogoratu du Bangladeshen ACNUR-rek duen bozeramaleak.