INFO

Hamahiru film arituko dira lehian Euskal Zinemaren Irizar sarirako

Guztira hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu bat dira Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioan euskal ekoizpena osatuko duten lanak. Ikusiko direnen artean, ‘Caminho Longe’ (Alfontso Etxegarairi  buruzkoa), ‘El Drogas-en’ erretratoa eta Mikel Zabalzaren desagerpenaren inguruko ‘Non dago Mikel?’. 

«Non dago Mikel», Mikel Zabalzaren desagerpenaren inguruko filmea, Zinemiran ikusi ahal izango da. (ZINEMALDIA)

Hogeita bat lanek osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan hautatutako euskal ekoizpena, eta Sail Ofizialean, New Directors Sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren Galan, EiTB Galan eta WIP Europan banatuta egongo dira lan horiek. Jaialdia irailaren 18tik 26ra luzatuko da.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskaintzen zaion sailak, fikziozko eta ez-fikziozko hamaika ekoizpen biltzen ditu, eta mundu-estreinaldi gisa emango diren film luzeak izateagatik, horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan programatutako beste lau filmekin batera. Guztira, 13 film luze lehiatuko dira 20.000 euro gordineko saria lortzeko (ekoizleak jasoko du zenbateko hori).

Zinemira sailean politika, musika, historia...

Iazko Euskal Zinemaren Galan bere debuta (‘Un otoño sin Berlín’, 2015) estreinatu ondoren, Lara Izagirre Garizurietak (Zornotza, 1985) Zinemira inauguratuko du ‘Nora’ tituluarekin, 2018an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua izan zen proiektuarekin. Besteak beste, Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute filman; Norak, filmeko protagonistak, aitite argentinarra galduko du eta Euskal Herriko kostaldetik Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko bidaia egingo du.

David Gonzalez Rudiezek (Bilbo, 1980) Zinemiran parte hartu zuen ‘La noche los lleva’ (2018) filmarekin duela bi urte, eta aurten ere sail horretan izango dugu bere laugarren film luzea, Talento / Talent /Talentu’ aurkezteko; azkenik film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatuko digu bertan.

Eugène Green (New York, 1947), Estatu frantsesean bizi den zinemagile estatubatuarra da, zuzendu dituen film luzeek Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian, Locarnoko eta Berlineko zinema-jaialdietan parte hartu dute, eta bi euskal mitoren berrikuspena proposatzen digu oraingoan ‘Atarrabi et Mikelats’ filmean.

Amaia Merino (Donostia, 1970), ‘Asier ETA biok’ (2013, Irizar Saria) filmaren idazle eta zuzendarietako bat, eta Miguel Ángel Llamas (Noain, 1980) zinemagileek elkarrekin zuzendu dute ‘Non dago Mikel?’ filma; bertan, Mikel Zabalzaren desagerpena kontatzen digute: 1985ean Guardia Zibilak atxilotu egin zuen gaztea, eta 20 egun geroago hilik aurkitu zuten, baina inor ez dute epaitu edo zigortu harrez geroztik hona.

Josu Martinezek (Bilbo, 1986) eta Txaber Larreategik (Donostia, 1986) jada aurkeztu izan dituzte euren lanak Zinemaldian, hala nola ‘Sagarren denbora’ (2010), ‘Gure sor lekuaren bila’ (2015) eta ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ (2018), eta oraingo honetan elkarlanean egindako ‘Caminho longe’ ekarriko digute, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren istorioa, zeinak etxera itzultzeko bideari ekingo baitio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte-estatu afrikarrean erbesteratuta.

Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano, ‘Hijos de Dios / God’s Children / Jainkoaren semeak’ filmaren lan berriaren protagonistak dira. Ekain Irigoienen (Donostia, 1981) zinegilea ‘La Cañada de Andrea’ (2014) film dokumentalaren eta ‘Kresala’ –Zinemaldian Belodromoan estreinatutako ‘Kalebegiak’ (2016) film kolektiboaren parte– film laburraren egilea da.

Bestalde, ‘N´Diawaldi Bouly’ (2011) eta ‘Born in Gambia’ (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuzak (Iruñea, 1977) Enrique Villareal 'El Drogas' musikariaren –Barricada taldeko kide ohi eta gaztelaniazko rockaren artista garrantzitsuenetako baten– erretratu poliedrikoa sortu du.

Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa da Telmo Esnal (Zarautz, 1967) ‘Aupa Etxebeste!’(2005), ‘Urte berri on, amona!’ (2011) eta ‘Dantza’ (2018) aurkeztu baititu. Oraingoan, Pablo Azkueren kontakizun bat berreskuratu eta ‘Urtzen’ bihurtu du, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortutako zinema-saiakera bat, existentziari buruzkoa.

Dokumentalen zuzendaritzan esperientzia handia izanik, Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molesek (Castelló, 1974) ‘Lobster Soup-ekin’ itxiko dute Zinemira saila; 2018an jada Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan izan zen proiektu horrek Islandiako kafetegi xelebre bateko bezeroei ahotsa ematen die.

‘El estado contra Pablo Ibar / The Miramar Murders: The State vs. Pablo Ibar’ eta ‘Jo ta ke / Non Stop’ Zinemiran ere egongo dira bainalehiaketatik at, ez baitira film luzeak. Lehenbizikoa Olmo Figueredok (Sevilla, 1980) sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da (bi egongo dira ikusgai Donostian); ekoizle eta zuzendariak Estatu Batuetan 25 urtetik gora (horietako 16 heriotza-korridorean) preso daraman gizonaren odisea judiziala kontatu du.

Bigarrena, 2019ko Ikusmira Berriak programako egonaldian sortzen hasi zen ‘Jo ta ke / Non Stop’ film ertaina da; Aitziber Olaskoagak (Getxo, Bizkaia. 1980) Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzelara bidaia bat egitea proposatzen digu, oroimenari buruzko hausnarketa bat egiteko.

Beste sail batzuetan

Aitzitik, aurretik Zinemaldiaren beste sail batzuetan iragarritako hainbat ekoizpen ere izango dira Irizar Saria irabazteko lehian: Pablo Agüeroren ‘Akelarre (Sail Ofizialean sartua); David Perez Sañudoren ‘Ane’ eta Imanol Rayoren ‘Hil kanpaiak / Death Knell’ (biak New Directorsen parte) eta Asier Altunaren (Arzak Since 1897’ (Culinary Zinema irekiko duena).

Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan ere euskal ekoizpenak egongo dira. Zehazki, euskal ekoizpeneko bi film laburrek Zabaltegi-Tabakaleran hartuko dute parte: Laida Lertxundiren ‘Autoficción / Autofiction / Autofikzioa’ eta Marina Palacioren ‘Ya no duermo’.

Espainiako zinemaren urteko egoeraren erakusgarri den Made in Spain sailean Paula Cons Varelaren (Coruña, 1976) ‘La isla de las mentiras / The Island of Lies lanak’ –egilearen fikziozko lehen film luzeak– parte hartuko du; film horrek Titanic Galiziar izenez ezan bihurturiko itsasontziak 1921ean izandako urperaketaren benetako historia ekartzen digu gogora. Consek ‘La batalla desconocida’ (2017) eta ‘El caso Diana Quer, 500 días’ (2018) dokumentalak sortu zituen.

Halaber, Euskal Zinemaren Gala irailaren 22an egingo da Victoria Eugenia Antzokian, eta ‘Bizimina’ film laburra estreinatuko da bertan, Migueltxo Molinak (Iruñea, 1978), Pablo Iraburuk (Iruñea, 1969) eta Jon Mayak (Errenteria, 1977) zuzendua, non dokumentala eta dantza hibridatzen baitira, bizi dugun pandemia-garaian hobeki sentiarazteko kontakizun bat eraikitze aldera.

Zinemira Saria ere banatuko da Galan, Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteek euskal zineman nabarmena izan den pertsona bati ibilbidea aitortzeko ematen dioten ohorezko saria. Honako hauek jaso dute orain arte sari hori: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramon Agirre (2018) eta José María ‘Txepe’ Lara (2019). Aurki iragarriko da 2020ko saria nork jasoko duen.

Azkenik, irailaren 23an EiTBk ‘Alardea / Boast’ estreinatuko da EiTB Galan; David Perez Sañudok zuzendutako lau ataleko telesaila Irun eta Hondarribiko desfileetan emakumeek izan duten parte-hartzeari buruzkoa da. Zinemaldian bi kapitulu emango dira.

Azkenik, Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) ‘918 gau / 918 Nights’ proiektuarekin parte hartuko du WIP Europan, Glocal in Progressen bilakaera gisa sortutako Donostia Zinemaldiaren work in progress berrian. Ekoizpen-fasean dagoen film hau Ikusmira Berriak egonaldi-programan eratu zen.