INFO

Bielorrusian krisiak eta protestek ez dute etenik eta Errusia eta Europa ate joka ari dira

Hirugarren asteburuaren atarian manifestazioek eta atxiloketek jarraitzen dute, eta gero eta gehiago dira Lukashenko presidentea gogor kritikatzen duten sektoreak. Putin Errusiako presidenteak prest du «indar armatuen erreserbista talde bat» mugaz bestaldera bidaltzeko egoera gaiztotuko balitz. Mendebaldeak Moskuren «injerentzia» salatu du, baina Europar Batasuna Bielorrusiako agintarien aurkako zigorrak adosten ari da.

Emakumeek protagonismoa dute azken protestatan. (Sergei GAPON-AFP)

Bielorrusiako Poliziak 265 pertsona atxilotu ditu azken orduetan Minsken gobernuaren aurkako protestatan. Hauen artean 50 inguru kazetariak ziren. Gehienak aske utzi dituzte ordu batzuetara, baina gutxienez hauetatik lauk atxilotuta jarraitzen dute poliziei mugikorrak ez emateagatik.  Atxiloketen helburua irudi eta grabazio guztiak suntsitzea da.

Egunero daude protestak Bielorrusiako hiriburuan, baita beste hiri eta herri batzuetan ere. Aurreko bi asteburuetakoak erraldoiak izan dira Minsken.

Gero eta gehiago dira errepresioaren amaiera eta hauteskunde berriak exijitzen dituztenak. Azken orduetan Alexandr Lukashenkoren aurkako ituna sinatu eta aurkeztu dute 355 kirolarik, tartean Marina Arzamasova atletak, 800 metrotan Munduko eta Europako txapelduna.

CSK-Mosku futbol taldeko bielorrusiarrak, Viktor Goncharenko entrenatzailea eta Ilia Shkurin aurrelaria tartean, oso kritiko agertu dira gobernuaren aurka. BATE Borisov taldeko jokalaria den Anton Sarokaren atxiloketak haserrea astindu du kirol, eta batez ere, futbol munduan.

Hauteskundeen emaitzak aurkeztu eta ondorengo egunetan errepresioaren aurka azaldu zen, baita ere, Darya Domracheva biathlon-en lau aldiz txapeldun olinpikoa.

Errusiako erreserbistak, prest

Egoera korapilatsu honetan, Vladimir Putin Errusiako presidentea prest azaldu da bere indar armatuak Bielorrusiara eramateko «egoera benetan gaiztotuko balitz», baina, bide batez, negoziatzeko deia egin du.

Lukashenko berak hala eskatuta, Putinek «Indar Armatuen erreserbista talde bat» eratu du, «baina egoera kontrolpean ez bada soilik erabiliko dugula adostu dugu», gaineratu du.

Krimeako penintsulan autobidea inauguratzeko bisitan egin zituen atzo adierazpen hauek Kremlinaren maisterrak. Hainbati Ukrainiako krisian Krimean agertu ziren «gizontxo berdeak» etorri zaizkie gogora. Azkenean jakin zen Errusiako soldaduak baino ez zirela, penintsularen anexioa gauzatu ahal izateko bidalitakoak.

Putinek gogora ekarri zuenez, Errusiak betebeharrak ditu Bielorrusiarekin sinatu dituen itunen arabera. «Hor dago guztia idatzita, argi eta garbi». Eta alde guztiei irtenbide bat aurkitzeko negoziatu dezaten dei egin die, «muturreko eskaerak alde batera utzita».

Lukashenko boteretik alde egitea baldintza gisa, hauteskunde berriak negoziatzeko prest dagoen Bielorrusiako oposizioak gogor gaitzetsi du Errusiaren «injerentzia, nazioarteko eskubidearen aurkakoa delako eta onartezina delako».

Poloniak bere egin du salaketa hori eta NATOko ordezkari nagusiak, Jens Stoltenberg-ek, Moskuri Bielorrusian «bere atzaparrak sar ez ditzan» exijitu dio.

Europa, zigorrak aztertzen

Hori, hain juxtu, Europar Batasunak Bielorrusiako hogei-bat agintariei zigorrak ezartzea erabaki duen egun berean. Kanpo Arazoetarako ministroen bilkurak hartu du erabakia gaur bertan, baina oraindik ez du zehaztu Lukashenko bera zigortutakoen artean dagoen ala ez.

Poloniak eta errepublika baltikoek nahi dute sartzea, baita ere zerrenda eta zigorrak luzatzea.

Bielorrusiako presidenteak bere aurka «gerra hibridoa, mediatikoa eta bide batez diplomatikoa» aurrera eramaten ari direla egotzi die batez ere azken herrialde hauei. Zentzu horretan, Bielorrusia desegingo balitz gutxiengo poloniarra duen Grodnoko probintzia, hiria barne, Poloniak eskuratuko lukeela salatu du. Varsoviak Bielorrusiako enbaxadoreari deitu dio «gezur horiek ukatzeko».

Lukashenko prest azaldu da Konstituzioa erreformatzeko, baina bi baldintzekin: egungo markoa errespetatuz eta kaleko presiorik gabe, «bestela ez da elkarrizketarik egongo».

Gainera, jada nahiko sakabanatuta dagoen oposizioa zatikatu nahian, ikasleekin, «mukizu hoiekin», ez duela hitz egingo ohartarazi du, eta ikasketak direla-eta luzapenean daudenak soldaduskara bidaliko dituela mehatxu egin du. «Ez badute ikasi nahi, ama aberria defendatzera!».

Langileekin, irakasleekin, medikuekin… negoziatzeko prest azaldu da 1994tik boterean dagoen presidentea.