Uriartek iragarritako neurriak ez direla nahikoak adierazi dute ELAk zein LABek
LAB eta ELA sindikatuek bi prentsa oharretan kritikatu dituzte Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ikasgeletara itzultzearen inguruan igarritako neurriak. Gainera, salatu dute Lakuak jakinarazitako protokoloa «berandu eta gaizki» iristen dela eta aldebakartasunez hartu dituela erabakiak.
LAB eta ELA sindikatuek uste dute Nafarroako zein EAEko Hezkuntza sailek aurkeztutako neurriak ez direla nahikoa Hego Euskal Herrian dagoen osasun krisiak areagotud duen hezkuntza krisiari erantzuteko. Sindikatuen eskarien artean, gelako ikasleen ratioa jaistea, irakasle gehiago kontratatzea eta pandemiari aurre egiteko benetako plana aurkeztea.
Cristina Ugarte Hezkuntza EAEko Hezkuntza Sailburuaren agerraldiari dagokionez, LABek uste du «ez duela planteamendu berririk aurkeztu ikasturtea hasteko, ikasturte amaieran genuen egoerarekiko aurrerapausorik eman barik jarraitzen dugu».
«Hezkuntza komunitatea hiru hilabetez ez-jakintasunean eta ziurgabetasun egoeran eduki eta gero, Hezkuntza arloan dauzkan eskuduntza mugatuak ere ez ditu baliatu», gehitu du.
LABek salatu duenez, Hezkuntza Sailak «ez du ikasturte hasieraren nolakotasuna, plangintza, protokoloak, prebentzio-planak eta hornikuntza adostu nahi izan. Aldebakartasunez eta era inprobisatuan hartzen ditu erabakiak Hezkuntza Sailak».
ELA: «Berandu eta gaizki»
Bere aldetik, ELAk uste du Lakuak ostiral honetan aurkeztutako protokoloa «berandu datorrela eta propaganda besterik ez dela».
«Propaganda ariketa berri baten aurrean gaude, zehaztasunik eza, inprobisazioa eta aldebakartasuna ezaugarritzak dituen jaurlaritzaren beste ekintza baten aurrean» salatu du ELAk.
Gainera, sindikatu honek adierazi duenez, protokoloa «berandu eta gaizki dator», izan ere «ikasturtea hasteko egunak falta dira eta langileon ordezkariekin partekatu, elkarbanatu eta adostu gabeko protokoloa da».