INFO

Kalea da protagonista Getxophoton, protesta eta hausnarketa eremu legez

Premiazko gaiei heltzeko malgutasuna behar du izan jaialdi batek, are gehiago gaurkotasuna izateko arrazoia duen diziplina bat –argazkigintza, alegia– protagonista duenean. Horren adierazle, datorren 3tik 27ra Algortan burutuko den Getxophoto jaialdia. Pandemiaren eraginez, aurtengo leloa, ‘Kalera!’, azken muturreraino eramango du.

Gizonen rolak betetzen, emakumeak. «Les intruses» iradokitzailea da. (Randa MAROUFI / GETXOPHOTO)

«Nork aurreikusi zezakeen mundua zenbat aldatu zen 2019ko amaieran Getxophotoren 14. ediziorako abiapuntu gisa ‘Kalera’ oihua proposatu nuenean?», galdetuko dio bere buruari Jon Uriartek, Getxon burutzen den argazkilaritzari buruzko jaialdiaren komisario berriak. Hondarribiarra jaiotzez, Londresen bizi da egun nazioartean bide luzea egin duen ikertzaile eta argazkilaria.

Lau urtetik lau urtera, gurean argazkilaritza protagonista duen jaialdi nagusienak komisario berri bati gonbita luzatzen dio. Hala, esparru horretako izen ezagun ugari pasa dira Getxotik. Aurten, The Photographer's Gallery-ren egitarau digitaleko komisarioak baiezkoa eman zien. Interes bikoitza zuen, euskalduna izanik.

«Argazkilaritzari buruzko jaialdietan lehia handia dago, asko baitaude munduan zehar, eta ez da batere erraza estatu mailan eta nazioartean lekua egitea, baina horixe da, hain justu, Getxophotok lortu duena. Komisario legez ere, niretzat aukera ezin hobeagoa zen. Etxetik gertu, gainera, eta horrela euskara berreskuratu ahal izango dut», Uriarteren esanetan.

Datorren ostegunean, hilaren 3an, emango diote hasiera Getxophoto jaialdiaren edizio berriari. Pandemiako edizioari gehituko genuke. Aurten, segurtasun neurriak bermatze aldera, sekula baino ‘kaletarragoa’ izango da, erakusketen %90a kalean burutuko da... bederen, horrela, Algortako txoko eder eta bitxiak –Portu Zahar txukuna, kasu– bisitatu ahal izateko aukera izango dute bisitariek, kulturaz gozatzen dugun bitartean. Ibilbide desberdinak prestatu dira; luzeena 2 kilometrokoa, motzena, 45 minutukoa. 

Kale erreala

Kalea, eremu fisikoa legez; kalea, eremu digitala eta online bezala. Mota desberdinetakoa ‘kaleak’ hartu dituelako ardatz Jon Uriartek, pandemiak sortutako hainbat traba gaindituta, prestatu ahal izan duen eskaintza.

Birusa planetan zabaldu baino lehen, kaleak funtsezko protagonismo berreskuratua zuen gizarte globalean. Horren adierazle, esaterako, azokan ikusgai dauden Sei Nishino japoniarraren collage kaotiko eta handiak –interesgarriak oso, denbora eskatzen diote ikusleari, asko baitago aurkitzeko maparen itxurarekin moldatutako argazkietan–; Thaddé Comar frantziarrak Hong Kong-en 2019an polizia eta manifestarien artean izandako borrokaren inguruko irudiak –gasolindegi zaharrean ikusgai–, edo Ereaga hondartzan jarritako neurri handiko argazki desberdinen artean Randa Maroufi-en ‘Les intruses-ekin’ topo egitean –bitxia osoa–, gizonen eta emakumeen rol sozialki araupetuak alderantzikatzen dituelako.

Kale digitala

Baina ‘kale digitala’ ere presente dago jaialdian, konfinamenduan nazioarteko argazkilariek etxetik egindako lan, proiektu eta hausnarketak ikusgai daudelako –postako eraikuntzan, ‘Stay at Home’ plataformak partekatutako irudiak– eta baita Getxo bertako biztanleek bidaliko irudiak, jaialdi berak eskatuta. Web orrialdean, bestalde, jaialdi «paralelo» eta digitala prestatu dute.

Jokin Aspuruk, Getxophotoko zuzendariak aipatu duen bezala, «osasun krisiak agintzen du eta gure planak egokitzera behartu gaitu. Hori dela eta, erakusketa ia guztiak aire zabalean egongo dira, eta programa oso bat diseinatu dugu, hainbat podcast, app eta proposamen digitalekin, sarean garatuko dena».

Jaialdiaren inaugurazio ofizialaren ekitaldia, “Opening” izenekoa, ostiralean, irailak 4, 19.30etan izango da, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Beran Jon Uriarte komisarioak, jaialdian parte hartu duten artistekin batera, aurkeztutako proposamenen errepaso bisuala egingo du.