INFO

Itxialdi zurruna ezarri du Kubako Gobernuak Habanan, birusa geldiarazteko

Astearte honetatik aurrera, Habanako herritarrek zenbait murrizketa bete beharko dituzte, covid-19aren hedapena geldiarazteko. Kubako Gobernuak honako neurriak iragarri ditu, besteak beste: etxeratze-agindua 19.00etatik aurrera, hiritik irteteko debekua eta arauak betetzen ez dituztenentzako isunak.

Kubako Armada, Habanako kaleak desinfektatzen. (Yamil LAGE/AFP)

Kubako Gobernuak pandemia hasi zenetik neurri murriztaileenak ezarriko ditu Habanan gutxienez 15 egunez, hala nola, 19.00etatik aurrera kalera ateratzeko debekua eta isunak arauok betetzen ez dituztenentzat. Agintari kubatarrek ziurtatu dutenez, koronabirus kasuek abuztuan gora egin izanak justifikatzen ditu aipatu neurriok.

Kaleak hutsik egon beharko dira 19.00etatik 5.00etara, eta oinez edo ibilgailuz irteten den edonori 2.000 eta 3.000 peso kubatar (80 eta 120 dolar artean) bitarteko isuna jarriko zaio.

Haurrak, adinekoak eta desgaitasunen bat duten pertsonak ezin izango dira kalera atera; jolas eta kirol guneen erabilera ere murriztuko da; ezin izango da alkohola edan leku publikoetan; eta ez da inolako festarik baimenduko.

Halaber, Habanara sartzea eta handik ateratzea debekatu da, eta, beraz, hiria inkomunikatuta geldituko da. Salbuespenezko arrazoiengatik baino ezingo da sartu edo atera.

Murrizketen artean daude, halaber, telelanean aritu beharra –agintarien arabera, 118.000 pertsona baino gehiago izango dira modalitate horretan– eta saltokietako ordutegiak murriztea astelehenetik larunbatera 16.00ak arte eta igandeetan 13.00ak arte.

Habana, epizentroa

Martxotik, Kuban 4.065 kasu eta 95 hildako zenbatu dituzte covid-19aren ondorioz. Astearte honetan, hildako bat eta beste 33 positibo erregistratu dituzte, horietatik 23 Habanan.

Habana, azken asteetan, Kubako probintzia bakarra izan da 0. fasean edo «transmisio mugatuko etapan» egon dena.  Hori dela eta, bazeuden indarrean neurri sendoak, hala nola, garraio publikoa etetea, sarbideak mugatzea, zerbitzu gehienak ixtea eta maskara etxetik kanpo erabiltzeko beharra.

Irlaren gainerako probintzietan, lurralde gehienak berrirekiera-plan nazionalaren hirugarren fasean daude, Artemisa eta Mayabeque izan ezik; horietan 2. fasea mantentzen da, non murrizketak leuntzen diren: maskararen erabilera toki itxietan soilik erabiltzea, tokiko turismoa aktibatzea eta zerbitzuak %50ean berrezartzea, esaterako.