Nafarroako D ereduko zazpi ikastetxek ‘Sormen digitala’ irakasgai berria eskainiko dute
Nafarroako D ereduko zazpi ikastetxek ‘Sormen digitala’ irakasgai berria eskainiko dute hastear den 2020-21 ikasturtean. Ikasgaiak gazteen «sormena eta irudimena landuz euskal kulturaren transmisioa erraztea» izango du xede.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalak diseinatu eta bultzatu duen ‘Sormen digitala’ irakasgai berria Barañaingo Alaitz institutuan, Iruñeko Eunate, Iparralde, Iturrama zein Jaso Ikastolan eta Lekarozko ikastetxean eskainiko da DBHko 2. eta 3. mailan, hautazko irakasgai edo diziplinarteko proiektu gisa.
Hezkuntza Departamentuak adierazi duenez, irakasgaia lantzeko, Miren Basurto eta Mirentxu Oteiza EIBZko irakasleek lau tailer diseinatu dituzte «gazteak esperimentatu dezaten»: ‘Ezpainzapia’, ‘Handia eta Maskarak’, ‘Frontoia’, eta ‘Txalaparta’.
Diotenez, ikasleek «oso bide askea» izango dute aurrean. Ebaluazio bakoitzean tailer bat edo gehiago landu ditzakete, eta tailer bakoitzean produktu artistiko bat edo gehiago sortzeko aukera izango dute, haien gustuen, interesen eta nahien arabera.
Lau tailer horiek lau sortzaileren ekarpenekin aberastu dira (Oskar Alegria zinemagilea, Ines Osinaga musikaria, Leire Urbeltz artista plastikoa, eta Oier Zuñiga antzerkigilea). Laurek bisita egingo dute ikastetxeetara ikasturtean zehar, gazteekin elkartu eta gelan sortzen ari diren dinamika eta lanen inguruan proposamenak egiteko.
Halaber, ikasturtean zehar, Moodle plataformaren bidez, ikasleen eta irakasleen galderak edo zalantzak argitzeko tutoretza telematikoa emango dute.
Ikastaroaren azken helburua «sortze askea» izango da. Tailerretan ikusi eta ikasitakoak eragindako sentipen, gogoeta eta sentimenduak dantzaren, musikaren, antzerkiaren edota arte plastikoen bidez irudikatzea, eta irudikapen horiek bideoan bildu eta aldizkari digital batera igotzea, ZUT agerkariaren ereduari jarraiki.