INFO

42 emakume artista XV. eta XVIII. mendeko sorginak bere egiten dituzte Durangon

«Erre izan ezin zenituzten sorginen alabak gara gu»; hau da, feminismoak lau haizetara zabaldu duen aldarria bere egin du emakume artista talde handi batek ‘Sorginak! Brujas!’ erakusketan. Gaur arratsaldean Durangon zabalduko ditu ateak eta urriaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Sorginen irudia eguneratuta, Luz Velascoren ‘Sorgin-esentzia’ lanean. (NAIZ)

Durangoko Arte eta Historia Museoak 42 emakumeren erakusketa kolektiboa zabalduko da gaur arratsaldean, 19.00etan zehazki, eta urriaren 4ra arte iraungo du. EmPoderArte-AIMA Emakume Artisten Nazioarteko Elkartearen eskutik, 'Sorginak! ¡Brujas!’ sorginkeriaz leporatu zituzten emakumeen aurka XV. eta XVIII. mendeen artean egindako ankerkeriei eta gaur egun oraindik ere agerian dauden ondorioei buruzko gogoeta egiten du.

‘Sorginak! ¡Brujas!’ erakusketak feminitate tradizionalaren arketipoarekin hautsi nahi izan zuten milaka emakumeren jazarpenak, torturak eta heriotzak salatzen dituzten 42 emakume artisten lanak batzen ditu. Arte komisarioak Sara Beiztegi, Estefanía Ocampos eta Cristina Gutiérrez Meurs izan dira.

Alargunak, ezkongabeak, sendagileak, erditzaileak eta gizonaren babesetik urrun zeuden farmazialariak arbuiatu eta gizatasunik gabe utzi zituzten. Gure iraganaren eta gure orainaren, emakumeen jazarpen sistematikoaren eta sistema patriarkal eta kapitalista batean egindako bizi-hautuen historiaren aurrean gaude, antolatzaileen esanetan.

Hitzaldiak eta bisita gidatuak

Erakusketaren egutegiari dagokionez, gaurko inaugurazioaren ostean (19.00etan, inaugurazioa eta bisita gidatua artistekin eta komisarioekin), bi bisita gidatu izango dira (irailak 11an, ostirala, 19.00etan, euskaraz; eta irailak 19an, larunbata, 12.00etan, gaztelaniaz) eta hitzaldi bat (irailak 26, larunbata, 18.00etan, ‘Gure Beste sorginak’ izenean, eta Cristina Gutierrez-Meursek eskania). Urriak 4an, 14.00etan, itxiko da.

Hauek dira, zehazki, erakusketan parte hartu duten artistak; Amalfy Fuenmayor, Ana María Vacas, Asunción Bau, Caroline Krabbe, Cristina Gutiérrez Meurs, Dara Bonino, Ela Rabasco, Elisabet Roldán Rojo, Erica Landfors, Estefanía Ocampos, Esther Galarza , Eva Riol, Gabriela Estrada de Isolbi, Helena Revuelta, Karolina Kinnander Ciempiés, Leire Kareaga, Luz Velasco, María García del Salto, María Jesús Aragoneses, Marián M. Cañizares, Marivi Ibarrola, Marta Girón, Marta Lage de la Rosa, Miren Atxaga, Monika Rühle, Montse Rodríguez Herrero, Nuria Vicente, Patricia Fridman, Paz Barreiro, Pepa Santamaría, Prado Toro, Rosa Gallego del Peso, Rosa Virgili Abelló, Sandra Parra Cárdenas, Silvia Martínez Cano, Susana García Ungo, Susana Ribuffo, Viriviana Duncan.


Artista gonbidatuak: Andrea Abalia, Goiuri Aldekoa-Otalora, Martina Dasnoy eta Txaro Arrazola.