INFO

Hezkuntzako garbiketa, jantoki eta garraioetako langileek bat egin dute irailaren 15eko grebarekin

EAEko Hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek bat egin dute irailaren 15erako deituta dagoen grebarekin, garbiketa, eskola-jantoki eta eskola-garraioetako langileak «feminizatu, ikusezin eta prekarizatutako hiru langile kolektiboren parte» direla salatzeko.

Jangela eta garraioetako langileen mobilizazioa Lakuako egoitzaren aurrean, ekainean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

EAEko Hezkuntza alorreko azpikontratek ere grebara deitu dute irailaren 15erako, LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK-k ohar batean jakinarazi dutenez. Hala, egun horretan ez da garbiketa, jantoki eta garraiorik izango.

Azaldu dutenez, greba deialdiaren arrazoia da «ez dagoela negoziaziorik eta prebentzio- eta segurtasun-neurrien planifikaziorik, osasun alarma egoeran, garbiketa, jantokiak eta eskola-garraioa bezalako eremu garrantzitsuetan».

Sindikatuen arabera, azken hilabeteotan hainbat bilera eskatu dizkiete Hezkuntza Sailari eta azpikontratatutako enpresei, «ikasleen eta langileen segurtasuna bermatuko duten kontingentzia-planak negoziatzeko».

Gogora ekarri dutenez, abuztuaren amaieran, Hezkuntza sailburuak iragarri zuen aurrekontu partida gehigarri bat bideratu zutela garbiketa zerbitzurako, egungo egoerari erantzuteko. Baina kontratatu diren errefortzu eskasak ez dira nahikoak ehunka ikasle hartzen dituzten ikastetxeak desinfektatzeko. Gainera, gaixotasunagatiko bajak bete gabe daude oraindik», salatu dute.

Oharrean diotenez, gaur egun, eskola-jantokiei eta eskola-garraioari dagokienez, «aldizkako kontratu finkoak dituzten langile guztiekin ez dute negoziatzen eta ez digute esaten nola antolatuko diren zerbitzuak. Argi dago baliabide gehiago behar direla, langile gehiago kontratatu behar direla eta ratioak jaitsi behar direla zerbitzu segurua eta kalitatezkoa eskaini nahi badugu», aldarrikatu dute.

Horrekin batera, enpresek eta Hezkuntza Sailak ez dietela informaziorik ematen adierazi dute. «Gaur egun milaka langilek ez dakite zer baldintzatan eta zer neurrirekin hasiko diren lanean», diote.

Greba deialdiarekin beraien lanak irakaskuntza presentzialean duen garrantziaz ohartarazi nahi dute sindikatuek. «Hori egin ahal izateko, segurtasun neurriak planifikatzea eta garatzea eskatzen dugu eta, horregatik, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu, berriz ere, kaltetutako kolektibo guztiekin negoziatzera eser dadila, irtenbiderik onena bilatze aldera, lanpostu guztiak eta lanpostu horiek betetzen dituztenen osasuna babesteko segurtasun baldintzak izango dituen irakaskuntza bermatzeko».

Irailaren 15ko grebaz gain, ostegunean, hilaren 10ean, egingo diren mobilizazioetan parte hartuko dute eta irailaren 11n, ostirala, Arriaga Antzokian bilduko dira.