INFO

Magnak Erdizen duen proiektua eta nekazaritza bateraezinak direla nabarmendu dute Baztanen

Baztango nekazariek argi dute: Magna enpresak Erdizen duen meatzaritza-proiektua eta nekazaritza bateraezinak dira. Horrela, nabarmendu dute Elizondon egin duten agerraldian. Duela hamahiru urte zuten jarrera berari eusten diote Baztango nekazariek.

Baztango nekazariek Elizondo egin duten agerraldia. (ERDIZ BIZIRIK)

«Baztango nekazariek argi utzi nahi dugu, orain dela hamahiru urte bezalaxe, orain ere Magnak Erdizen proposatzen duen proiektua Baztango nekazaritzarekin bateraezina dela», nabarmendu dute Elizondon egindako agerraldi batean.

«Badakigu Magna multinazionala saiatu dela gutako batzuekin harremanetan paratzen, enpresa hauek ohitura duten bezala, gure hitza beren erasoak justifikatzeko erabili nahian. Gure mezua argia da: ez dezatela denbora gehiago galdu Erdizeko bazkalekuari gezurretan oinarritutako alternatiba artifizial bat proposatzen. Erdizeko bazkalekua ordezkaezina zen orain dela hamahiru urte, ordezkaezina da gaur egun, eta ordezkaezina izanen da etorkizunean ere», aldarrikatu dute.

«Behin eta berriz aldarrikatu dugu lehenbiziko sektorea bizirik mantentzearen garrantzia. Azkeneko hamarkadetan gure ogibidea, bizimodua eta kulturaren oinarria den nekazaritzak alimaleko erasoak jasan ditu. Erdiz Baztango nekazaritzarendako alternatibarik ez duen sustengoa da. Erdizeko bazkalekuarekin sektorea bizirik mantentzea zaila baldin bada, Erdiz gabe ezinezkoa da. Magnaren proiektuak hilzorira eramanen luke gaur egun Baztanen gelditzen diren nekazal esplotazioak, gehienbat nekazari belaunaldi gazteek berriki martxan paratu dituztenak», gaineratu dute.

«Proiektu hau gure bizimoduaren eta etorkizunaren kontrako eraso gisa ulertzen dugu. Horregatik, dei egiten ditugu herritar guztiak gurekin batera proiektu hau gelditzeko borrokatzera eta hemendik aitzin antolatzen diren mobilizazio guztietan parte hartzera», erantsi dute.