Johnny Depp: «Garai guztietako poetarik handiena da MacGowan»
Shane MacGowan, The Pogues talde irlandarreko abeslariaren gaineko dokumentala da ‘Crock of Gold’, Julian Templek Sail Ofizialean aurkeztu duen pelikula. Punkarekin uztartuta musika irlandarra balioan jartzeaz batera, jatorri xehekoen harrotasuna balion jarri zuen taldeak.
The Pogues taldearen arima eta abeslari izan zen Shane MacGowanen gaineko dokumentala da ‘Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan’, Julian Templek Sail Ofizialean aurkeztu duen pelikula. Abeslari eta konposatzailearen 60. urtebetetzea aitzakiatzat hartuta MacGowan atzera begira jarri eta bere bizitzaren eta The Poguesen arrakastaren errepasoa egiten du filmak.
MacGowani egindako elkarrizketaz gainera, bere senideek (gurasoak eta arreba) eta hainbat lagunek (tartean filmaren ekoizle Johnny Deep, Sinn Fein-eko Gerry Adams edota Bobby Gillespie musikaria) hartzen dute parte dokumentalean, eta artxiboko irudiez (kontzertuak eta telebista saioetan egindako adierazpen azidoak) eta animazioez ere baliatu da Temple, kontakizuna indartu eta osatzeko.
Dokumentala MacGowanen haurtzaroarekin abiatzen da. Irlandako familia xehe batean jaioa, txikitatik hasi zen landan lanean eta oso goiz, bost urterekin, dastatu zituen lehen garagardo pintak. Nerabezaroan sartzear zela bere familia Londresera aldatu zenean irauliko zen bere bizitza. Lekuz kanpo sentitzearen sentimenduaz gainera, irlandarrekiko arbuioak eta erasoak jasan behar izan zituen gainerako irlandarrek bezala, eta horrek gogor eragin zuen bere izaeran eta gerora The Pogues izango zenean.
Pelikulan pertsona bizkor eta ironiko gisa aurkezten da MacGowan, irakurzaletasun handikoa eta sentiberatasun berezikoa, baina baita pertsona ezegonkor bezala ere, alkohola eta bestelako droga gehiegikeriekiko atxikipen handikoa. Londreseko giroan murgilduta, Sex Pistolsen kontzertu batek inspiratuta sortuko zuen MacGowanek The Pogues, Londreseko irlandar komunitateari arnasa emango zion taldea: tradiziozko musika irlandarra punkari lotuta, naziotasun sentimenduan eragin eta herri xehearen harrotasuna balioan jarriko zuen taldeak.
Dokumentalaren emanaldiaren osteko prentsaurrekoan parte hartu dute txakolinarekin «obsesionatua» dagoela onartu duen Johnny Depp-ek eta Julien Temple zuzendariak. Depp-ek The Pogues entzun zuen lehen aldian «astindu bat» sentitu zuela esan du, «horma batek jo banindu bezala. Punk-rock hori, haserre hori hor zegoen, baina baita doinu ederrak ere, bandolinak, banjoak, txirulak… irlandako musika tresna tradizionalak. Haserrea eta malenkonia, bi gauza horien konbinaketak zur eta lur utzi ninduen», aitortu du. Baina batez ere The Poguesentzat egin zituen letrak goraipatu ditu, Deep-entzat «poeta handi eta berezi bat, garai guzietako poetarik handiena» baita MacGowan.
The Pogueseko abeslaria duela 35 urte ezagutu zuen Depp-ek, Londresera egindako bidaia batean. Lagun batek grabatzen ari ziren estudiora eraman zuen. «Billar mahai batean zegoen, esku batean pinta bat eta bestean gitarra akustiko erdi-hautsi bat zituela, eta oreka mantendu nahian zegoen. Lurrera erori aurretik aurkeztu zidaten. Une horretan jakin nuen betirako laguna izango nuela». Depp-en hitzetan, «maitemindu» egin zen MacGowanekin, «eta oraindik maiteminduta jarraitzen dut».
MacGowanekin filmatzearen erronka
Dokumentalaren ideia MacGowani berari otu zitzaiola ere esan du. Orain sei urte deitu zion, Depp New Yorken zela. «‘Johnny, nahi duzu bideo bat egin?’ esan zidan, ‘nere abesti bati buruz’. Ostiral arratsaldea zen eta astelehenean egin nahi zuen. Hala, langun batzu bildu eta lehen grabaketa egingo zuten, ‘Crock of Gold’en oinarri bilakatuko zena.
Lanean MacGowanen izaera poliedrikoa azaldu nahi izan dutela azaldu du Templek. «Pertsona oso konplexua da, atsegina, eskuzabala eta sortzailea da, baina baita zakarra ere, eta Jerry Adamsen ondoan ume bat bezala dagoen bezala lagunen moduan dago Johnnyrekin, edo beldurtu antzean Bobby-rekin…», azaldu du. Hain zuzen ere, dokumentala gidatzen duena MacGowanen izaera «irreberentea» bera dela esan du, «berari galderak egiteak ez duelako funtzionatzen, ez zaizkio elkarrizketak gustatzen», baina aitortu du «kameraren aurrean jarri eta bi egunez isildu gabe hitz egin izan balu filma ez litzatekeela horren egiazkoa izango». «Bere bizitzaren parte sentiaraziko zaitu eta, segundo batera, agian garagardo bat isuriko dizu burutik behera…», gaineratu du Deepek, eta Templek aitortu du ez MacGowan ez dela «traturako pertsona erraza; filma benetako lorpena da guretzat».