«35 urte luze joan dira. Egia jakiteko ordua da», eskatu dute Zabalzaren omenezko ekitaldian
«35 urte luze joan dira. Egia jakiteko ordua da behingoz». Mikel Zabalzaren heriotza, baita tortura kasu guztiak ere argitzea, horiei orain arte ukatutako aitortza eta erreparazioa ematea eta berriro ez errepikatzeko bermeak exijitu dituzte gaur arratsaldean Donostiako Zuloaga plazan Zabalzaren eta torturak jasan dituztenen omenez egin duten lore eskaintzan. Bertan izan da Mikelen arreba, Idoia Zabalza.
«Non dago Mikel?» filmaren estreinaldia baino lehen, Donostiako Zuloaga plazan Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruo inpunitatea salatu eta «egia jakiteko ordua» dela aldarrikatu dute hamarka lagunek, Egiari Zor fundazioak deituta.
«Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea. Ez dugu besterik eskatzen, baina ez dugu arrakastarik izan. 35 urte pasa dira eta puntu berean gaude. Ez dugu aurrerapausorik eman egiari dagokionean. ‘Non dago Mikel’ egian sakondu ahal izateko lehenengo pauso bat da. Esan nahi dut Mikelena ez zela kasu isolatu bat izan. Ez da bakarra, ezta berezia ere. Berak hilik bukatu zuen baina milaka dira torturatuak izan diren pertsonak», nabarmendu du Idoia Zabalzak txalo artean hitza hartu duenean.
«Tortura Estatuak ongi planifikatutako estrategia bat izan zen, ez zen inprobisazio bat izan, norbaiti burua joan zitzaiola. Dokumental honetan urteetan torturak pairatu dituzten salaketa ere jasotzen da», gaineratu du.
Egiari Zor fundazioaren izenean, Ixone Fernandezek tortura frankismoaren diktadurak utzitako «herentzia maltzurra» izan dela salatu du.
«Euskal herritarrok etengabe pairatu dugu, gobernuaren kolorea zein izan delarik. Hiru milioi eskas biztanle dituen herri batean, gutxienez, 5.657 tortura kasu egiaztatu dira. Ezin esan horiek kasu solteak izan direnik, pratika sistematikoa izan da komisaldegietan eta behar bezala diseinatutako estrategia bat izan du sostengu tortura zigorrik gabeko krimena izan zedin. Aztertzekoa da zergatik gutxienez 70 urteetan zehar komisaldegietan inpunitate osoz torturatzea posible izan den. Batetik inkomunikazioa, eta bestetik auzitegi medikuek, epaileek eta klase politikoaren jarrerak inpunitatea ahalbidetu dute. Giza eskubideak urratzearen truke norbaitek irabazi politikorik jaso al du? Hori da gure buruari egiten diogun galdera», adierazi du.
Torturak salatu dituztenek jasandako kriminalizazioa ere gaitzetsi du Fernandezek: «Irainduak izan dira. Gida liburu bat jarraitzen zutela, beraien burua kolpatu zutela… eta horrelakoak esan dituzte hainbatetan. Gorputz kolpatuen argazkiak ez dira nahikoa izan sinesgarritasunik ez dutela diotenentzat. Egia jakiteko ordua da».
Zabalzarekin batera atxilotu zituzten Idoia Aierbe eta Ion Arretxe ere gogoratu ditu Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak, eta gaur Donostiako Zinemaldian estreinatuko den filma «herritik herrira egindakoa» dela nabarmendu du. Film honek bigarren zati bat beharko lukeela esan du, «Estatuak egia ofizial egiten duenean egongo da erabat bukatuta».
Ekitaldiaren aurkezleak ondorengo hausnarketarekin laburbildu du gaurko lore eskaintzaren mezua: «Non dago Mikel? Galdera hori Euskal Herriko herri guztietan, Mikelen autobus lankideen artean, ehunka mobilizazioetan, deitu egin zen greba orokorrean… errepikatzen zen. Bertsio ofizialaren arabera, Mikelek hiru guardia zibilengandik ihes egin nahi izan zuen eskuak lotuta zituela. Bere burua ibaira bota omen zuen ihes egin nahiean. Atxilotu eta 20 egunetara, Bidasoako uretan agertu zen haren gorpua, bere bila zebiltzanek ordurarte mihatu zuten leku berean. Gobernuaren zientzia fikziozko bertsio horrek erantzun guztiak konfirmatu zituen. Mikel hiltzeraino torturatu zuten eta hori gutxi izango balitz gerra zikinak haren gorpua desagerrarazi zuen bere heriotza justifikatuko zuen gezur bat eraikitzeko. Memoriaren puzzlea osatzeko egia eta aitortza ezinbestekoak dira».