‘El Gran Fellove’, artista handiei zor zaien lekua
Bere izen artistikoak zioen bezela, handia izan zen El Gran Fellove musikari kubatarra. Jaioterria utzi eta Mexikon topatu zuen arrakasta, sufritu zuen bazterkeria eta arrazakeria atzean utzita. Ibilbide emankorra eta ezezaguna jaso du Matt Dillonek zuzendari lanetan egin duen izen bereko dokumentalean.
Francisco Fellove (1923-2013) Kuban jaio zen eta beltza zen, «%100 beltza». Musika zuen zainetan, bihotzean. Musika zen haren iparrorratza eta hark gidatuta mugitu zen azken eguneraino. Erritmoa zuen eta ahotsarekin egiteko gai zena hark baino ezin zuen egin, dohain bat zuen. Bitxia bada ere, ez zuen sekula musikan aritzeko formakuntza akademikorik jaso. Egiten zekien eta kito.
Jaioterrian ordea «%100 beltza» izateagatik, arbasoak afrikarrak ei zituen, bazterketa pairatu zuen eta zaila egin zitzaion musikaren industrian leku bat egitea. Zurientzat errezagoa zen ateak irekitzea. Hala, 1955. urtean itsasontzi italiar batean Mexikora erbesteratu zen Jose Antonio Mendez musikari eta konposatzailearen eskutik. Han bota zituen sustraiak betirako. Han lortu zuen merezi zuen ospea. Aurrerantzean, Francisco Fellove zena El Gran Fellove bezala ezagutu zuen munduak.
Bizitza emankor hark erakarrita, baina bereziki musika kubatar eta doinu latinoafrikarrengatik duen zaletasunak xirikatuta, Matt Dillon aktoreak haren figuraren inguruko dokumentala zuzendu du, ‘The Great Fellove’. Lehiaketatik kanpo eskaini da Sail Ofizialean.
Felloveren lehen pista, disko batean
1999. urtean Mexikon grabatu zituen irudiak errekuperatu ditu dokumentala sortzeko. Alegia, ia hogei urte igaro dira lagun min baten bidez Fellove Mexikon lokalizatu zutela eta estudioan disko bat grabatzeko aitzakiaz, bere ibilbideaz mintzatu zirela. Egun asko eman zituzten elkarrekin, eta horrek gauza intimo asko konpartitzeko aukera eskaini zien, arratsalde honetan prentsaurrean Dillonek berak aitortu duenez.
Proiektuaren prozesua «oso organikoa» izan dela kontatu du zuzendariak. Ideia finko eta itxirik gabe, ideia nagusirik gabe. «Konturatzerako, iragan mendean grabatutako irudiak dira, pentsa! Gizon hura aurrean izan nuenean, Mexikoko estudio hartan, ez nekien zehazki zer egin nahi nuen. Gizon hura ezagutzea gozamena izan zen, pertsonalitate musikal izugarria zuen», esan du.
Disko bilduma izugarri zabala du Dillonek eta ahuldadea du Kubako musikariekiko. «Beti diskoak erosten nabil, baina ez hainbeste modu kontzientean. New Yorken komunitate latino garrantzitsua dago, afrokubatarra… han dugu sehaska inportante bat. Felloveren disko batekin eman nuenean erabat harrapatu ninduen», kontatu du.
‘The Great Fellove’ bada artista handi baten ibilbidea, izan dituen gozoak eta garratzak biltzen dituen lana baina aldi berean deskubrituko du errealitate bat: Kuba atzean utzi eta Mexikora alde egin behar izan zuten artista beltzena. Zerrenda luze bat. «Dokumentala Felloveren bidaiaz mintzo da, baina bidaia hark bide ematen zidan artista belaunaldi jakin batekin gertatu zena kontatzeko. Hortxe dago Mexikora erbesteratu ziren kubatarren historia, eta uste dut horixe zela kontatu beharrekoa lan dokumental honetan», iradoki du zuzendariak.
Zuzendari gisa egiten duen bigarren lana da ‘The Great Fellove’; lehena duela 18 urte izan zen, ‘City of Ghosts’. Dokumentala eta fikzioen arteko ezberdintasunaz galdetuta, oso ezberdinak direla iritzi du, lehenak gidoirik ez duelako. Ez behintzat bere azken lan honetan. «Muntatzaileak nirekin batera lanean aritu dira, eta gidoia irudiak dira, zaila da oreka bilatzea, baina aktore izateak laguntzen nau zuzentzeko orduan. Eta esango nuke dokumentalaren urrezko aro batean gaudela. Filma narratiboak bezain kitzikagarriak izan daitezke, dudarik gabe», esan du.
Fellove 2013an zendu zen, 90 urte zituela. Kuba utzi zuenetik behin itzuli zen, hiru hilabetez familia ikustera, baina berriro buelta egin zuen artista bezala aukera eman zion herrialdera. Eta hogei urteren ondoren bada ere, dokumentalaren filmaketa lanetan grabatu zen diskoa datorren urtean argitaratuko da. «Nik uste dut Fellovek berak bazekiela inoiz bere istorioa kontatua izango zela», entzuten da une batan dokumentalean. Eta hala izan da.