INFO

Euskal zinemagintzari eskainitako atzerabegirakoa antolatu dute Toulousen

Okzitaniako Tolosan egiten den Cinespaña jaialdiak euskal zinemagintzaren atzerabegirako bat antolatuko du, ‘Nouveau cinéma basque’ izenarekin, Etxepare Euskeal Institutuarekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Jaialdia ostiralen hasiko da, urriaren 2an, eta hilaren 11ra bitarte iraungo du.

Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’ Film Dokumental Onenaren sariaren lehiarako hautatu dute. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Ziklo honek euskal zinemak azken boladan izan dituen ildo ezberdinak zeharkatuko ditu, film arrakastatsuenetatik hasi eta egile independenteen ekoizpenetaraino», adierazi dute antolatzaileek, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Izan ere, antolakuntzaren ustez, «duela hamarkada bat pasatxotik, (Euskal Herriko) toki eta gertaera batzuetan zinema independentearen olatu baten ernamuina sortu da».

Euskal Herrian euskaraz eta gazteleraz egindako fikzioa, dokumentala, film luzeak eta laburrak jasoko ditu atalak. Egitaraua lau ataletan banatu dute: ’Moriarti’, izen bereko ekoiztetxearen lan esanguratsuenak bilduko dituena; ‘Fictions’, azken urteotan fikzioan gailendu diren pare bat film eskainiko dituena; ‘Documentaires’, dokumentalgintzan azken urteotan izandako izenburu esanguratsuak jasoko dituena, eta ‘Court-Métrages - Cuerpos, gritos y escenas de vida’, emakumeek film laburren bidez euskal zinemagintzari ekarritako begirada berriari eskainia.

Horrela, ‘Moriarti’ azpiatalean, ‘80 egunean’ (2011), ‘Loreak’ (2014), ’Handia’ (2018) eta ‘La trinchera infinita’ (2020) emango dituzte; ‘Fictions’ izenekoan, Asier Altunaren 'Amama' (2015) eta Borja Cobeagaren ‘El negociador’ (2014); dokumentalei eskainitakoak, Ana Schulz eta Cristobal Fernandez-en ‘Mudar la piel’ (2018), David Arratibelen ‘Converso’ (2017) eta Oskar Alegriaren ’Emak Bakia baita’ (2012).

Azkenik, ‘Court-métrages - Cuerpos, gritos y escenas de vida’ azpiatalean, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen ‘Euritan’ (2017), Maria Elorza eta Maider Fernandez-en (Las Chicas de Pasaik) ‘Gure Ormek’ (2016), Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzanaren (Sra. Polaroiska) 'Andrekale’ (2016), Izibene Oñederraren ‘Lursaguak’ (2019) eta Mirari Echávarri-ren ‘Cuerpos #1 Santa Agueda’ (2017) izango dira ikusgai.

Gainera, euskal zinemagintzari eskainitako atzerabegirakoaz gain, Oskar Alegria zinemagile nafarraren ‘Zumiriki’ dokumentala (2019) Film Dokumental Onenaren sariaren lehiarako hautatu dute.