INFO

854 positibo egun bakar batean, azken bi asteotako kopuru handiena, ia erdia Nafarroan

10.314 PCR eginda, asteazken honetan 454 positibo neurtu dituzte EAEn. Gipuzkoa ia Bizkaiaren pare egon da eta herri batean zentratzen da kezka: Azkoitia. Baina okerrago daude gauzak oraindik Nafarroan: 400 kasu berri, %12,4ko positibitate-tasarekin.

Desinfekzio lanetan Zumarragako erresidentzia batean. (Andoni LUBAKI)

Nafarroan ez dago koronabirusaren hedapena mozteko zantzurik oraindik. Asteazken honetan 400 kasu berri frogatu dituzte egindako 3.236 PCR probek, %12,4ko positibitate-tasa utziz.

Lau hildako gehiagoren berri eman du Nafarroako Gobernuak: 82 eta 94 urtetakoak ziren. Hala ere, kutsatu berrien %58a 45 urtetik gorakoa da.

26 lagun ospitaleratu behar izan dituzte asteazken honetan Nafarroan.

Bitartean, asteazken honek EAEn utzitako kutsatze kopurua bezperakoaren berdina izan da ia: ehunka PCR gehiago eginda, 26 positibo gehiago azaleratu da. Azken 24 ordu hauetan 10.314 probetatik 454tan ageri da infekzioa.

Herrialdeka, Gipuzkoako datua nabarmentzekoa da, alde txarretik. Izan ere, 192 kasu berri azaldu da, ia Bizkaia osoak batutakoak (195). Araban 58 izan dira eta gainerako 9ak EAEtik kanpo bizi diren lagunei dagozkie.

Gipuzkoan barrena begiratzen, Azkoitian 23 kasu agertarazi direla agertzen du Osasun Sailaren eguneroko txostenak. Jakina zen herri honetan infekzioa ari zela zabaltzen, probak egitera deitu dituzte herritarrak eta hau da atzoko emaitza. Gaurko egunean ere lanean dabiltza Azkoitian, positibo gehiago aurkitu eta bidearen hedapenari aurre egiteko ahaleginean. Gasteizko Sansomendi auzoan, gauza bera.

Erietxeei dagokienez, oso poliki behera ari da Zainketa Unitateetan artatzen dituzten lagunen kopurua: 50tik gora ari zen azken egunetan eta 48tara jeitsi da orain. Asteazken honetan 29 ospitaleratu dituzte covid-19ak jota izateagatik.

Hego Euskal Herrian antzemandako positibo guztiak batuta, 854 dira. Irailaren 23tik ez zen hainbeste detektatzen; bat gehiago izan zen orduan.

Lau hildako Araban eta bi Gipuzkoan

Arabako foru Aldundiak iragarri duenez, Zuian dagoen Oribide egoitza pribatuko erabiltzaileak ziren lau adineko hil dira irailaren 21etik urriaren 6ra bitartean.  


Bestalde, Osasun Sailak adierazi du Ajuria Eguneko Zentroa itxi egingo dela, hilaren 14ra arte, erabiltzaileen artean bi positibo atzeman direlako.

Gipuzkoan bi pertsona hil dira, Bergarako Mizpirualde zentroko erabiltzaileak ziren. Bestalde, Santa Maria Magdalena zentroko egoiliar batek gaixotasuna gainditu du eta herrialdeko egoitza-sarean egiten ari diren PCR probek ez dute kasu positibo berririk atzeman.