INFO

Mila lagunek giza katea egin dute Baionan euskarak murgiltze eredua behar duela aldarrikatzeko

Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala idatzi zuen René Cassin juristaren etxea eta Baionako suprefetura giza kate batekin lotu dute mila lagunek. «Euskarak murgiltze eredua behar du» goiburua zuen mobilizazioan, euskara ikastea eta irakastea eskubide bat dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta mobilizazio gehiago izango direla iragarri dute.

Baionako herriko etxea eta suprefeturaren arteko bidea manifestariz bete da. (Guillaume FAUVEAU)

Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala idatzi zuen Rene Cassin jurista ospetsuaren etxea eta «hizkuntz eskubideak zapaltzen dituen eta Gobernu frantsesa ordezkatzen duen suprefetura» giza kate batekin lotu dituzte murgiltze ereduaren alde mobilizatu diren 1.000 lagunek. Horrela, Euskal Konfederazioak, Biga Bai, Erakasleak, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Ikas-bi eta Seaskak «euskarak murgiltze eredua behar duela aldarrikatzeko» egin zuten deialdiak erantzun zabala jaso du.

Batez ere haien haurrek euskaraz ikasteko hautua egin duten gurasoei eta euskarazko irakasleei zuzendu zieten gonbita mobilizazioaren antolatzaileek, gurasoek hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea eta irakasleek «euskaraz eta Euskal Herrian irakasteko duten eskubidea» nabarmendu nahi baitzituzten gaurko ekimenarekin. Izan ere, manifestazioa iragartzeko eskaini zuten prentsaurrekoan azaldu zuten moduan, frantziar Hezkuntza Ministerioak Hiriburuko haur eskolan murgiltze eredua debekatzeaz gain, «euskaraz irakasteko konkurtsoa pasatua zuten 11 irakasle gazte frantsesez irakasteko postuetan izendatuak» izan direla salatu dute, eta haietako batzuei gainera, «Euskal Herritik kanpo» eman diete irakasle postua.

Baionako mobilizazioak Estatu frantses osoan hizkuntza gutxituen alde antolatu diren beste hainbat mobilizaziorekin bat egin du. Pour Que Vivent Nos Langues (gure hizkuntzak bizi daitezen) mugimendua osatzen duten eragileek deituta ekimen andana antolatu dira Bretainian, Alsazian, Korsikan, Flandrian, Savoian eta Okzitanian. Ekitaldi gehienak Okzitanian antolatu dira, 22 guztira, baina ekitaldi jendetsuenetakoa Baionakoa izan daiteke.

Nahikoa lan izan dute mobilizaziora bertaratu diren mila lagunek osasun neurriek eskatzen dituzten distantziak mantentzen, Baionako herriko etxearen ondoan dagoen Rene Cassin jurista ezagunaren etxea eta suprefeturaren artean 400 metro eskas baitaude.

Mobilizazio jendetsua

Murgiltze ereduan diren 37 ikastola, 19 eskola pribatu eta beste 19 eskola publikoetako ikastetxeen izenak zituzten txartelak hartu dituzte ikastetxe bakoitzeko ordezkariek, baina bazen txartel bat berezia, bitan banatua zena, Hiriburuko Baste-Quieta eskola publikokoa alegia. Izan ere, Blanquer Hezkuntza ministroak Hiriburuko haur eskolan murgiltze eredua ezartzea debekatu zuenean haustura bat eragin zuela salatu dute euskararen irakaskuntza sustatzeko lan egiten duten eragileek, eta gaurko giza katearen bitartez, alde banatan ezarriak ziren Baste-Quieta ikastetxeko bi txartelak batzea lortu dute.

Eguraldia lagun izan dute giza kateak iraun duen artean, eta 11.30ak aldera, herriko etxean zen jendea «Euskal irakaskuntza denentzat» goiburua zuen pankartaren atzean bildu eta suprefeturara abiatu da, eta modu horretan, giza katean zen jendea pilatzen hasi da. Manifestazio burua suprefeturara iritsi denerako ehunka lagun zituen gibelean «euskarak murgiltze eredua behar du» oihukatzen.

Mobilizazioaren amaieran irakasleen eta gurasoen ordezkariek hitz egin dute. «Hezkunde Ministerioaren jarrera ez du ezerk justifikatzen, arrazoi bakarra da, Estatu frantsesa euskararen garapenaren kontra dagoela», denuntziatu du hizlarietako batek. «Ez da bakarrik Hiriburuko kasua, Jean-Michel Blanquer ministroak murgiltzea debekatu nahi du, eta irakasleen kontra ere egiten dute, euskal irakasleak frantsesez irakastera behartu nahi dituzte», gaineratu du beste ordezkari batek.

Bestalde, aldarriarekin bat egin duten hautetsiei eskerrak eman dizkiete, baina ohartarazi dutenez, «ez da nahikoa». Parisen jarrera itxia «aitzakia» gisa hartuta ordezkari politiko batzuek duten jarrera gaitzetsi dute antolatzaileek eta Akitania Berriko eskualdeko ordezkari politikoetatik hasi eta herrietako hautetsietaraino, «murgiltze ereduaren alde egoerak eskatzen duen tamainako erantzuna eman dezaten» eskatu diete. Entzuleen artean ziren besteak beste Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko ordezkaria eta baita beste hainbat herritako auzapezak ere.

Hitzartzeak amaitu aitzin «heldu den egunetan izango diren mobilizazioei adi egoteko» deia luzatu dute antolatzaileek eta txalo zaparrada baten ostean, «euskarak murgiltzea behar du» errepika leloa oihukatuz amaitu da elkarretaratzea.