INFO

34 hildako aurreko astean EAEn eta 786 positibo, azken orduetan, Hego Euskal Herrian

Egunero ia bost lagun hil dira aurreko astean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan covid-19ak jota, Lakuako Osasun Sailak jakitera eman duenez. Argi-izpiren bat aurkitu nahi bada, astelehenekoak baino hobeak izan dira azken 24 orduetako datuak hor eta Nafarroan, aurreko aste amaieran baino itxura hobea hartu dute, 376 kasu berrirekin.

Azpeitian probak abiatuko dituzte hurrengo orduetan. (Ander GILLENEA | AFP)

Aurreko astean 34 lagun hil ditu koronabirusak EAEn. Datu hau nabarmentzen da gaur eginiko balantzean, asteartean detektatutako 410 positiborekin batera.

Astelehenean atzemandako 529ren aldean, jeitsiera nabarmena da, are gehiago PCR kopurua igo egin dela eransten badiogu. 7.466 egin dira azken 24 ordu hauetan, bezperan (jai eguna zen) baino 703 gehiago. Honekin positibo tasa %5,5era jeitsi da, OMSek markatzen duen langa zertxobait gaindituz.

Herrialdeka begiratuta, aurreko bilakaerarekin alderaturik datu onak ageri dira Bizkaian (179 kasu berri) eta Araban (39), ez ordea Gipuzkoan (186). Kezkatzeko arrazoia ematen dute herri batzuek: Azpeitian 15 positibo zenbatu da berriz –aurretik jada iragarrita zen baheketa zabala abiatu behar duela–, Andoainen 11, Zaldibian ere 11... Bizkaian aipatzekoa da 25 kasu ageri direla Barakaldon eta 7 Markina-Xemeinen.

Erietxeetara begiraturik, 32 pertsona ospitaleratu dituzte asteartean EAEn, kopuru altua beraz, baina Zainketa Berezien Unitateetan bi lagun gutxiago dago (52tik 50era).

Birusaren hedapenaren tasak 1etik gora segitzen du lurralde hauetan, 1,15ekoa baita.

Nafarroa, 400etik behera

Nafar Gobernuak, berriz, 376 kasu berri iragarri ditu, Santos Indurain sailburuak aurreratu dituenak baino bi gutxiago. Kopuru hori atzokoa baino zerbait altuagoa (362) baldin bada ere, asteburuko datuekin alderatuz beherakada sendotzea dakar, orduan ia 600 kasuetara iritsi bait zen Nafarroa. Hala ere, Indurainek nabarmendu duenez «ez diren datu onak».

3.013 PCR froga egin dira azken egunean eta horietako %12,5a izan dira positibo. Era berean, 91 eta 96 urteko bi herritarren heriotzaren berri eman du Gobernuak.

Gaur egun 282 lagun daude ospitale ezberdinetan, 20 azken orduetan batutakoak. Era brean, horietako 31 ZIUetan daude eta hiru atzoko egunean zehar sartu ziren.