INFO

Egonaldi artistikoak egiteko Kutxa Kultur Musika deialdia, zabalik

Gipuzkoan «nabarmentzen ari diren talde edo bakarlarien hazkundea eta garapen profesionala» bultzatzea da programaren helburua eta, besteak beste, promozioan laguntza, aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen ditu. Musikaren eremuan egonaldi artistikoak egiteko deialdi berria zabaldu berri du Kutxa Fundazioak.

Deialdi berrian izena emateko epea azaroaren 6an itxiko da. (Kutxa Kultur)

Musikaren eremuan egonaldi artistikoen bidez Gipuzkoan talde edo bakarlari gisa ari diren musikariak eta haien ibilbideak hazten laguntzea da xedea. bide horretan jarri zen martxan, orain zazpi urte, Kutxa Kultur Musika programa eta, iragarri duenez, 2021eko deialdirako ildo nagusiak definituak daude.

Ohar bidez azaldu duenez, Gipuzkoako lurraldera mugatzen da programa eta talde edo bakarlari guztiek parte har dezakete, baldin eta diskografia-kontraturik indarrean ez badute. Hala ere, zehaztu dutenez, «ez da baztertzeko arrazoia lankidetza-kontratu, autoekoizpen edo lizentzia indarrean izatea». Ordea, ezingo dira aurkeztu azkeneko bi ediziotan aukeratutako taldeak edo bakarlariak.

Musika herrikoiak deiturikoetan (rock, pop, folk, egile, reggae, elektronikoa, jazz, heavy, funk…) sartzen diren proposamenak onartuko dira edo horien arteko fusioak. Kontrara, kanpoan geratuko direlarik musika klasikoa edo ganbera-musika, hauentzat beste programa batzuk baitaude Kutxa Fundazioaren jardun-ildoaren barruan. Proposamenen irudimena, talentua eta sormen-kalitatea balioetsiko dira.

Izen emateko epea azaroaren 6an amaituko da eta arlo honetan diharduten bertako eta Estatuko profesional independenteek osaturiko epaimahaiak sei proposamen aukeratuko ditu gutxienez. 

Kontzertua eta grabaketa

Hautatuak diren bakarlari zein taldeek lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute Kutxa Fundazioarekin urtebeterako, eta bertan egonaldi bat eskainiko zaie. Bakoitzaren premiak identifikatzearekin batera, besteak beste, laguntza eskainiko zaie kontzertu eta prestakuntza-egutegiarekin, diskografia-banaketarekin hala badagokie, press kit-ak egiten, hedabideentzako aurkezpenak prestatzen. Musikariekin adosturiko estrategia ezarriko da egutegi eta guzti.

Gainera, 2021eko lehen hiruhilabetean, Kutxa Kultur Plazan, Tabakaleran, emanaldi akustiko bana programatuko da talde edo bakarlari bakoitza aurkezteko.

Egonaldiaren bigarren fasean, datorren urteko uztaila eta abendua bitartean, aukera eskainiko zaie zenbait gai grabatzeko Gipuzkoako estudio profesional batean edo bideo klip profesional bat egiteko.