INFO

Ikasbide metodoaren laugarren liburukia Ipar Euskal Herriko gau eskoletan da

Ikasbide metodoaren laugarren liburukia aurkeztu dute Baionan EEP, AEK eta Ikas elkarteko ordezkariek. Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren mailaketan oinarritua den ale berriarekin, euskara ikasi edo irakatsi nahi duen orori baliabide bat gehiago eskaintzea da egitasmoaren sustatzaileen xedea.

Aines Dufau (Ikas), Pantxika Paterne (Ikas), Antton Curutcharry (EEP) eta Joseba Garai (AEK). Bob EDME

Ipar Euskal Herriko euskara ikasle eta irakasleen esku dago Ikasbide metodoaren laugarren liburukia. Baionako AEK-ren egoitzan aurkeztu dute Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren mailaketan oinarritua den ale berria, eta berau aurkezteko antolatu duten prentsaurrekoan EEP, Ikas eta AEK-ko ordezkariek elkar lanean burututako egitasmoaren nondik norakoen berri eman dute.

Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari berria izan da hitza hartzen lehena. Oraindik lehendakari kargua hartu zuenetik ordu gutxi batzuk baino pasa ez direnean, bere lehen hitzartze publikoa eskaini du Antton Curutcharryk, EEPko lehendakari gisa. «Ikas eta AEKrekin hitzarmen bat dugu, badakigulako zein garrantzitsua den material pedagogikoa helduen euskarazko hezkuntzan», nabarmendu du.

Jarraian hitza hartu duen Joseba Garaik, AEK-ko irakasleak, aditzera eman duenez, «EEPren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke egitasmo hau». «Urteetako metodoen ondorioz sortutako metodoa» dela azaldu du Garaik, eta batez ere, ikasle eta iraksleei begira egindako lana dela ohartarazi du. Horregatik bi helburu nagusi azpimarratu ditu: «Helduen irakaskuntzan ari diren irakasleei material pedagogikoa eskaintzea» eta «ikasleen ikuspuntutik ikasteko baldintzak hobetzea».

Pantxika Paterne proiektu zuzendariak «gibelean izugarrizko lana» dagoela jakinarazi du eta liburua osatzeko prozesuan izan dituzten zailtasunekin batera, lortutako emaitza goraipatu. Paternek oroitarazi duenez, duela bost urte hasi ziren egitasmoarekin, baina liburu bakoitza argitaratu aurretik urte batez irakasleek erabiltzen dute, ondoren oharrak jaso eta zuzenketak egiteko.

Sei liburuko bilduma

Gauzak honela, otsailean hirugarren liburukia aurkeztu zuten eta gaurkoa laugarren Ikasbi liburua da. Hala ere, helburua sei liburu argitaratzea da, beraz egitasmoaren sustatzaileen nahia 2022an bilduma guztiz osatua izatea da.

Ikas euskal Pedagogia Zerbitzuen zuzendaria den Aines Dufauren iritiz, «horrelako materialak helduen ikaskuntza indartzen dute». Izan ere, Ikasbi metodoa euskara ikasi edo irakatsi nahi duen orok balia dezakeen arren, batez ere helduen ikasketa prozesua errazteko baliabide bat eskaintzea da egitasmoaren sustatzaileen xede nagusia. Eta emaitzak onak jaso dituzte. «Orain arte arrakastatsua izan da».

Gaur egun Ikasbide A1 mailatik B1 mailarainoko sei liburukitan antolatua dago eta liburuki bakoitzak ehun oreneko ikasgaiak biltzen ditu. Liburu bakoitzarekin mila ale argitaratu dira eta jada banatuak izan dira lehen Ikasbide liburukineko 500 ale, bigarren liburukineko 300 ale, eta hirugarren Ikasbide liburukineko 200 ale. Ondorioz, gaurtik aitzina laugarren liburukina ere banatu ahal izango da.