INFO

Lakuak udalerri mugakideetan kultur emanaldietara joateko irizpidea argitu du

Mugikortasunean astearte goizeko 6.00etatik indarrean dauden neurriek, tartean, norberarena ez den beste herri batean kultur emanaldiak ikusteko aukera debekatzen zuen. Mugakideak diren herrien artean sortu diren zalantzen harira, Lakuak zehaztu nahi izan du: alboko herri batean ikuskizun baterako sarrera aldez aurretik erosita izanez gero, bertaratzeko aukera badago.

Arriaga Antzokiak estrenatu duen ‘Ama Kuraia’ obrari eragiten dio neurriak, besteak beste. (E. Moreno ESQUIBEL)

Asteartetik mugikortasunaren alorrean, besteak beste, neurri zorrotzak ezarri zituen Lakuako Gobernuak, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ahaleginean. Herri batetik bestera mugitzeko aukera justifikatutako kasuetan baino ez da posible, hala nola, zaintza eta lana tarteko.

Norberarena ez zen udalerri batean kultur ikuskizun edo emanaldi bat ikusteko aukera deuseztatzen zuen dekretuak, aldez aurretik sarrera erosita izan arren. Honek, ezinbestean, areto, antzoki, eta beste espazio kulturalek ikuslegoari sarreren dirua bueltatu behar izatea ekarri du. Adibide gisa, Bilboko Arriaga Antzokia. Asteazken honetan iragarri duenez, «36/2020 Dekretuak ezarritako mugikortasun murrizketek eragindako pertsona guztiei urriaren 27tik azaroaren 9ra bitartean programatutako ikuskizunetarako sarreren zenbatekoa» itzuliko zaie. 

Neurriak bete betean harrapatu du Arriagaren ekoizpen propioa, ‘Ama Kuraia’, berez martxoan estrenatzekoa zen obra.

Neurriak zalantzak sortu ditu mugakideak diren herrien arteko biztanleen artean eta hori argitze aldera, Lakuak zehaztu nahi izan du noiz den posible bertaratzea eta noiz ez. Lakuaren argibide orrian honela irakur daiteke. «Sarrera bat dugu udalerritik kanpo egingo den kontzertu baterako. Joan gaitezke?». Erantzunak hala dio: «Bai, baldin eta jarduera udalerri mugakidean egingo bada eta sarrerarekin behar bezala justifikatzen badugu».

Hain justu, Getxok ere gaur bertan iragarri du Lakuak ezarritako osasun-neurriek «Getxon edo ondoko beste udalerrietan bizi ez diren pertsonei» eragotzi egingo diotela azaroaren 10era arte herrian izango diren kultura ekitaldietara joatea. «Hori dela eta, Getxoko Kultur Etxeak ikuskizun horietarako sarreren dirua itzuliko die Getxon, Berangon, Leioan, Erandion, Sopelan edo Portugaleten bizi ez diren lagunei», adierazi du ohar bidez.