INFO

IDK Euskotrenen borrokak ez du merezitako saririk izan Estudiantesen kantxan (64-58)

Beti atzetik eta beti partidari buelta emateko zorian, donostiarrek ez dute zorte onik izan Madrilen. Nyngifa eta Burani gelditu ezinik geratu dira Azu Muguruzarenak.

Laura Garciak azkeneraino eutsi dio IDK Euskotreni, baina saririk gabe. (Juan PELEGRIN / ESTUDIANTES)

MOVISTAR ESTUDIANTES 64 - IDK EUSKOTREN 58

Nahiz eta sekula ere ez den aurretik izan partida osoan zehar, meritu nahikoa egin ditu IDK Euskotrenek Estudiantesi egin dion bisitan. Saririk gabe itzuli dira gipuzkoarrak etxera, baina ez lan txarra egin dutelako. Azken baten, talde biek lan ona egiten dutenean bat bakarra izaten da garaile, eta oraingoan Estudiantes izan da. Nyngifa eta Buraniren artean madrildarren 64 puntuetatik 37 pilatu dituzte, horietako asko partidaren une erabakigarria izan den hondarrean, eta halakoetan aurkariari eskua eman, hortzak estutu eta hurrengo lehiari begira hastea besterik ez da geratzen.

Perfumerias Avenidaren aurka Josean Gasca kiroldegian egurra jaso eta gero, itxura askoz hobea eman dute Azu Muguruzarenek Magariños kiroldegi mitikoan. Beti atzetik aritu behar izan duten arren, beti sortu dute atzekoz aurrera egiteko arriskua. Etxekoak sekula ere ez dira eroso aritu; ezta donostiarrak ere, baina biek ala biek aurkariaren «trikimailuei» errekurtso politak erakutsiz erantzun diete.

Estudiantesek Nyngifa aurkitu du aurreneko erdian. Hegal-pibot afrikarrak ia erotu ditu IDK Euskotreneko barruko jokalariak, baina aulkitxoa mugiruta erantzun ahal izan du Azu Muguruzak, Maria Eraunzetamurgil eta Delaere atera dituenean batik bat. Hala ere, kanpoko jaurtiketetan gehiago asmatu dute madrildarrek aurreneko erdian eta markagailua 33-26 dela joan dira jokalariak aldageletara.

Berdindu bai, baina gehiagorik ez

Laura Garcia IDK Euskotreneko eskoltak egunotan bete ditu 39 urte, eta partida aparta jokatuta ospatu nahi izan du bere urtebetetzea. Ez da bakarrik 11 puntu eta 4 errebote lortu dituela, baizik eta jokoaren ekimena eraman du sarritan, Joyce Cousseins-Smith eta Lara Gonzalez ezinean aritu diren uneetan. Horri esker eutsi dio talde donostiarrak markagailuan Estudiantesen inguruan, baina beste erreferente garbi bat falta izan zaio Azu Muguruzaren taldeari.

Egia da Meiya Tirerak ere beste 11 puntu lortu dituela, baina jokoaren kontrola ez da egokia izan; are gehiado, gipuzkoarrek 23 baloi galdu dituzte, eta hori abantaila handia izan da Estudiantesen alde.

Izerdia latz bota behar izan dute etxekoek ere, dena den. Burani argentinarra azaldu da bigarren erdian madrildarrei garaipenerantz bultzada ematera. Garcia eta Couseeins-Smithen hirukoek borrokan mantendu dute talde donostiarra, baina 56-52tik 64-56ra pasa da markagailua azken minutuetan. Presaka, garaipena hatzen puntarekin ukitzeko moduan, baina urrutiegi beti izan dira Azu Muguruzarenak, eta hargatik ahalegina fruiturik gabea suertatu zaie.

Movistar Estudiantes: Gretter (7), Burani (15), Alonso de Armiño (3), Raman (4) eta Nyngifa (21) –hasierako bostekoa–, Grande (2), Espin (1), Da Silva (7), Knight (3) eta Carter.

IDK Euskotren: Lara Gonzalez (4), Laura Garcia (11), Gladkova (9), Toch Sarr (7) eta Coulibaly –hasierako bostekoa–, Meiya Tirera (11), Eraunzetamurgil (2), Cousseins-Smith (6) eta Delaere (8).

Partzialak: 17-14, 16-12, 14-16, 17-16.