INFO

EH Bilduk salatu du EAJ-PSEk Topoaren hobekuntza alde batera utzi dutela metro-pasantea egiteko

Donostiako, Errenteriako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek EAJ eta PSEko Gobernuaren kudeaketa gaitzetsi dute, Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda eremuko Topoaren proiektua geldiarazi ondoren, Donostiako erdigunean pasantearen obra hasi zutelako. Zinegotziek gogorarazi dutenez, obra horiek geldirik daude orain.

EH Bilduren agerraldia Topoaren Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda zatiaren inguruan. (Jon URBE/FOKU)

Donostiako, Errenteriako eta Pasaiako zinegotziak Pasai Antxoko Topo geltokian bildu dira gaur Lakuako Gobernuaren kudeaketa txarra eta horrek «badiako bizilagunen egunerokoan eragiten dituen zailtasunak» salatzeko, Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda eremuko proiektua gelditu ondoren.

«Metro-pasantea lizitazio berri baten zain geldituta dagoenean, milioi askoko gainkostuak iragartzen direnean, eta EAJ eta PSEren lehentasuna pandemiaren erdian errentagarritasun sozialik gabeko azpiegituretan inbertitzen jarraitzea denean, EH Bilduk mahai gainean jarri ditu Herrialdeko eskualde honetako herritarren benetako mugikortasun-beharrak», azaldu du koalizioak.

Lakuak orain geldirik dagoen Donostiako pasanteko obra hasi zuenean, Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda eremurako zegoen proiektua geldiarazi zuela azaldu du Mikel Garcia Pasaiako zinegotziak.

«Horrek ekarri du Altzako geltokia jarraipenik eman gabe uztea, linearen maiztasunak bikoizteko aukerak alboratzea eta Pasai Antxon trenaren egungo ibilbideak, eta, batez ere, herria erdibitzen duen zubiak, dakartzan elkarbizitza arazoei konponbiderik ez ematea», gaineratu du Pasaiako zinegotziak.

Bere aldetik, Garbiñe Alkiza Donostiako zinegotziak adierazi du EH Bilduk argi duela «politikak herritarren bizitzetan zentratzeko garaia dela eta horrek garraio publikoa indartzea ekarri behar duela, gipuzkoarrek egunero erabiltzen duguna eta Eusko Jaurlaritzak alboratua duena».

Donostiako EH Bilduko kideak adierazi du ez duela «ezertarako balio» Lakuak «bizi garen zonaldea eremu degradatu» izendatzeak, gero inbertsioak «beste norabait» bideratzen baditu. Beraz, «guztiz ulergaitza da EAJ-PSEk Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda proiektua kaxoian gordeta izatea, beharrezkoak ez diren azpiegiturak eraikitzen dirua xahutzen duten bitartean. Herritarrek ez dute ulertzen eta guk ere ez», nabarmendu du Alkizak.

Azkenean, Alkizak Lakuako Gobernuari eskatu dio «herritarrek beharra duten lekuetan inbertsioa egin dezan, eremu honetako topoa lurperatzea; alde batetik, maiztasunak bikoizteko, eta bestetik, sortzen dituen zarata arazoak konpontzeko. Eta beharrezkoak ez diren azpiegituretako inbertsioak alde batera uztea».