Jasper Philipsen nagusitu da Puebla de Sanabrian amaitu den etapa ikaragarri gogorrean
Ibilbidea berez gogorra baldin bazen –230 kilometro, hirugarren mailako bost mendate puntuagarri eta punturik eman ez arren beste malda askorekin–, haize indartsuak are eta gogorragoa egin du eguna. Alex Aranburu eta Jonathan Lastra ihesaldian sartu dira, baina ez du arrakastarik izan eta azken esprintean Philipsen gazteak Ackermann menderatu du. [Sailkapenak]
Jasper Philipsen flandriarrak irabazi du Vueltako 15. etapa, 230 kilometroko jardunaldi ikaragarri gogorra Mos eta Puebla de Sanabria artean. Egun osoan haizea oso indartsu ibili da eta txirrindulariek sekulako esfortzua egin behar izan dute pedalkada bakoitzean.
UAE taldeko ziklista gazteak Pascal Ackermann eta Jannik Steimle menderatu ditu azken esprintean, baina garaipena tropelean egongo zenik ez da batere argi egon azken unera arte.
Eguneko ihesaldia 13 txirrindulariz osatuta egon da, tartean Alex Aranburu (Astana) eta Jonathan Lastra (Caja Rural) euskaldunak. Beste 11 gizonak hauek izan dira: Guillaume Martin (Cofidis), Mattia Cattaneo (Deceuninck), Nick Schultz, Robert Stannard (Mitchelton), Luis Leon Sanchez (Astana), Jose Joaquin Rojas (Movistar), Robert Power, Mark Donovan (Sunweb), Rui Costa (UAE), Julien Simon (Total) eta Tim Wellens (Lotto Soudal).
Ibilbidea berez gogorra baldin bazen –230 kilometro, hirugarren mailako bost mendate puntuagarri eta punturik eman ez arren beste malda askorekin–, haize indartsuak are eta gogorragoa egin du eguna. Ihesaldiak bost minututik gorako aldeak izan ditu une batzuetan, baina tropelean hainbat talde lanean hasi dira.
Bora eta Trek izan dira lan gehien egin dutenak, baita NTT ere, eta 30 kilometroren faltan ihes egindakoen abantaila minututik beherakoa zen.
Cattaneoren saiakera
Egoera ikusita, Matteo Cattaneo italiarrak bakarrik alde egitea erabaki du, eta eguneko azken mendatean gora, Alto de Padornelo gaina, tarte ederra irekitzea lortu du. Ia bi minutuko aldea ere izan du, baina azken 20 kilometroak egiteko errepide zabalera itzuli direnean, haizea kontran zutela, tropelak oso azkar murriztu du tarte hori.
Hiru kilometroren faltan harrapatu du zehazki tropelak Cattaneo, eta hortik aurrera esprinterren arteko lehia prestatzen hasi dira taldeak. Bora izan da apustu garbiena egin duena Pascal Ackermann alemaniarrarengan pentsatuz, baina Jasper Philipsen flandriar gazteak aurrea hartu dio eta beretzat izan da garaipena.
Irabazlearen poz eta amorru ohiuak ikusi eta entzutekoak izan dira, Joxean Fernandez Matxin bere zuzendari euskaldunarekin behin eta berriro besarkatuz. Ackermannek, aldiz, oso haserre amaitu du ezin izan duelako bere taldearen lana borobildu.
Bihar 16. etaparen txanda izango da, 162 kilometro Salamanca eta Ciudad Rodrigo artean. Ibilbidean bi mendate esanguratsu igoko dituzte, bigarren mailako El Portillo, helmugatik 70 kilometrora, eta lehen mailako El Robledo, helmugatik 35era.