INFO

Nafarroan ere zerbitzua eskaini dezakeen Shelter europar erietxe ibiltaria estreinatu dute Baionan

Pirinioetan katastrofe edo atentatu bati erantzuteko Okzitanian sortu duten Shelter europar erietxe ibiltaria Baionara iritsi da. 20 minututan plantan ematen den dispositiboak 18 erreanimazio ohe eskuratzea ahalbidetzen du. Covid-19ak Baionako erietxean sorturiko saturazio arazoari erantzunen dio erietxe ibiltariak Lapurdin, baina Nafarroan edo Katalunian ere zerbitzua eskaini dezake.

Kanpotik horrelako itxura izan dezake gutxi gorabehera erietxe mugikorrak. (@CHUdeToulouse)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Tolosako Purpan erietxeko teknikariek sortu dute gaur arratsaldetik denbora baterako Baionako erietxearen esku geratu den punta-puntako osasun dispositiboa.

Erietxe ibiltariak gaur 10.00etan ekin dio, kamioi baten gainean, Lapurdiko hiriburua helmuga zuen estreinako bidaiari.

Baionan, 15.00ak pasata eman dute plantan mediku unitate aitzindari hori ospitaleak duen larrialdi zerbitzuaren kanpoaldean.

Garona Garaiko lurralde mailan Samu zerbitzuko zuzendaria den Vincent Bounesek Okzitaniako hainbat hedabideen bidez azaldu duenez, dispositibo horren kudeatzaile iraunkorra izanen den Tolosako erietxeak joan zen irailean jaso zuen «hiru urteko lanaren emaitza den erietxe ibiltaria».

Marc Penaud da Purpan ospitalaren zuzendaria. Berak zehaztu du nola ematen den plantan gaur goizean, Tolosan, kamioi baten gainean jarri duten erietxe ibiltaria.

«Kamioitik jeitsarazten da burdinezko kutxa handia eta hori zabaldu ondoren ekipamendu osoa duten bost erietxe sala agertzen zaizkigu».

Gauzak horrela, dispositiboa lurrean jarri eta «20 minutura lehenengo pazientea hartzeko gai izanen gara», laburbildu du Penaudek.

Erran eta egin. Ordu erdi eskas batean osasun unitate ibiltaria plantan eman dute Baionan. Erietxeko arduradun eta langileak, ARS-Akitania Berria eskualdeko osasun agentziako ordezkariak, Baionako auzapez den Jean-Rene Etchegaray eta Herve Jonatan suprefeta bertaratu dira erietxe ibiltariaren instalazioa jarraitzeko.

«Gaur gauean ez bada bihar lehenengo pazienteak artatuko ditugu unitate berrian», azaldu du Baionako eritxeko zuzendaria den Michel Glanesek.

«Plan zuria» abian da egoera zailean dagoen euskal erietxean

Iragan urriaren 27an bere «plan zuria» aldarrikatu zuenetik, Baionako ospitalaren egoera gero eta zailagoa bilakatu da.

Kezka handia dago azken bi asteotan bikoiztu direlako covid-19ak jota dauden herritarren erietxeratzeak. Horrek premiazkoak ez diren ebakuntzak bertan behera uztera eta zerbitzuen egokitzapen orokorra egitera eraman du Baionako ospitalea.

Azken egunetan egin dituen agerraldi guztietan surpertze-zerbitzua ohe gehiagorekin hornitzeko premia plazaratu du Baionako erietxearen zuzendariak.

Gaur Okzitaniatik heldu den mediku unitateak sekulako lasaitzea ekarriko dio eragin tasari dagokionez soilik ez, baita erietxeratze tasarik altuena duen lurraldeari.

Makro eskualde horrek dituen 12 departamenduetatik Ipar Euskal Herria eta Biarno bere baitan hartzen dituen Pirinio Atlantikoen departamenduan ematen da egoerarik larriena.

Ipar Euskal Herriko osasun sistemak gaur bizi duen tentsio handiak zerikusi gutxi dauka joan zen martxoan gertatu zen covid-19ak eragindako lehenengo olatuaren karietara hala nola Baionako ospitalak bizi izan zuen «lasaitasun egoerarekin».

Orduan asko jota hamar bat lagun izan zituzten denbora berean Baionako erietxean. Horietarik batzuk gainera Landetatik edo pandemiak gogor astindu zuen Gran-Est eskualdetik heldutako herritarrak ziren.

Are, euskal osasun langileak kanpora joan ziren laguntza ematera. Esaterako, azkeneko asteotan agerraldi bi ezagutu dituen Hendaiako Itsas erietxean jarduten zuten hainbat langile bolondres gisa abiatu ziren Alsazia aldera.

Kasuen gorakada moteltzen ari da

Oraingoan oso bestelako kezka sumatzen da Baionako erietxean. Joan zen ostegunean 44 herritar ingresatuta ziren bertan eta 13 pertsona erreanimazio zerbitzuan ziren, 14 erreanimazio ohe baizik ez dituen osasun zentro horretan.

Gaurko zenbakiak «zuhurtziaz hartu behar badira ere, hazkunde hori moteltzen ari dela» erakusten dutela azaldu du erietxe ibiltariaren instalazio ekimena bertatik bertara jarraitu duen Maritxu Blanzaco ARSren departamendu mailako arduradunak.

Zehaztu duenez gaur covid19 dela-eta 40 bat eri daude Lapurdi hiriburuko ospitalean eta 10 bat erreanimazio zerbitzuan. Inzidentzia tasa apaldu da, %12 inguruan kokatuz.

Covid-19rik ez duten pazienteen harrera bermatzea

Michel Glanes ospitaleko zuzendariak 20 bat erreanimazio ohe berri ezartzeko beharra jarri zuen mahai gainean azken egunotan eginiko adirazpenetan.

Gaur, Shelter unitate ibiltariari esker, kolpe batez, 18 erreanimazio ohe berri eskuratuko dituzte Lapurdiko ospitale nagusiaren arduradunek.

Unitate berria ez dute erabiliko covid-19 duten pazienteak errezibitzeko. Dispositibo horrekin bermatu nahi dute hain zuzen covidik ez duten herritarrak hobeto artatzea, lehenik eta behin bi eremuen arteko esparruak hobeto zehaztuz.

Pandemiak sorturiko egoerak beste antolaketa bat agindu ezean, Tolosatik heldutako unitate horretan burusik ez duten pazienteak hartatuko dituzte.

Hala larriadi zerbitzu batean, pandemia izan edo ez izan, tratatu behar dituzten pazienteak «baldintza hobeagotan» hartzea espero dute.

Poctefa programa Pirinioetako eskualdeei begira

Poctefa programaren baitan frantziar eta espainiar estatuek -baita beraien administraziopean diren bertze hainbat erakundek ere- garaturiko elkarlanaren ondorioa da Shelter, Okzitaniako europar osasun unitatea.

Zehazki Pirinioen bi aldeetan gertatu daitezkeen osasun larrialdiei erantzuteko Egalur sarea izan da egitasmoaren zutabe nagusia.

Garona Garaiko SAMU zerbitzuko buruak eman ditu, oraingoan ere, mugaz-gaindiko egitasmoari buruzko xehetasun guziak.

«Ospitale mugikorra Europako egitasmo bezala sortu zen, hasiera batean, katastrofe edo atentatu bati erantzuteko baliabide medikua sortzea zen asmoa, eta horregatik bere erabilpen eremua Pirinioetan kokatzen da, Espainian eta Frantzia artean, eta Okzitania, Akitania Berria, Nafarroa, Katalunia eta Andorra hartzen ditu bere gain».

Akitania Berria eta Okzitaniako eskualdeek auzolanean garatu dute, hain zuzen, erietxe ibiltariaren lekualdatzea Baionara.

Baionan estreinatu da ospitale mugikorra, baina Bidasoaren bestaldean zerbitzua eman dezake aurrerantzean Shelter europar mediku unitateak. Behar izanez gero, Nafarroako edo Kataluniako herritarrak artatzeko ere sortu dute.