Kamala Harris: emakume sendoa, kontraesanekin, eta AEB-etako kultur aniztasunaren eredu
Ez du inolaz ere alderdi demokrata osoaren onespena, batez ere ezkerreko sektoreena, Joe Biden bezala establishment-aren ordezkaria delako. Baina AEBek orain arte izan ez duten lehen emakume presidenteordea izango da, eta 2024an hauteskunde presidentzialetarako lehiatu daiteke. Aita beltza eta ama indiarra izanik, herrialde amerikarrean kultur aniztasuna ordezkatzen du.
«Postu honetan lehen emakumea izango naiz, baina ez azkena», aldarrikatu zuen demokratek hauteskunde presidentzialak irabazi ondoren AEBetako lehen emakume presidenteordea izango den Kamala Harrisek.
Oraingoz senataria den Harris zuriz jantzi zen, Joe Biden presidente hautatuaren ondoan lehen agerraldian, Wilmingtonen (Delaware), duela mende bat bozkatzeko eskubidearen alde AEBetan borroka egin zuten emakume sufragisten omenezko keinuan.
Biharamunean, Susan B. Anthony (1820-1906) sufragisten liderra izan zenaren hilobia lorez eta esker oneko mezuez josita agertu zen.
Izan ere, eta Harrisek berak emakume demokrata guztien onarpena ez badu, bere garaipena are pozgarriagoa da askorentzat, duela lau urte AEBetako lehen emakume presidente bilakatu nahi izan zuen Hillary Clintonen porrotaren ostean.
Clintonek bezala gertukoak behar zituen batzuengan mesfidantza sortzen badu ere, emakumea da Kamala Harris, eta emakume sendoa, onerako zein txarrerako?
Agerraldian, bere ama izan zuen gogoan, 2009an minbiziak jota hil zena –bularreko minbizia ikertzen aritu zen bere bizi guztian–, eta bide batez «bidea zabaldu diguten beltz, asiar, zuri, latindar zein amerindiar emakume belaunaldi guztiak» omendu zituen.
Shyamala Gopalan bere ama jatorriz indiarra zen. Indiako hegoaldeko Thulasendrapuram izeneko herrixkan jaio zen, Tamil Nadu estatuko hiriburua den Chenai hiritik 350 kilometro hegoaldearantz, eta, 19 urte zituela 1958an Kaliforniara joan zen diplomatikoa zen bere aitaren laguntzarekin.
Kamala izenak berak lotoa ean nahi du, Lakshami jainkosa hinduarraren izenetariko bat. Bere amak 2004ean ‘Los Angeles Times’ egunkarian azaldu zuen bezala, «jainkosak gurtzen duen kultura batek emakume indartsuak sortzen ditu».
Ordurako indarra erakutsia zuen karguak hartzen aitzindari bilakatu den Kamala Harris emakumeak.
1964. urteko urriaren 20an jaio zen Oakland-en Kamala. Bere aita, Donald Harris, Jamaikatik AEBetara joan zen ekonomilaria zen, beltza beraz.
Arbaso horiekin, eta amak erakutsi zion anbizioarekin –zazpi urte zituela gurasoak dibortziatu egin ziren– ibilbide oparoa egin du Kamala Harrisek: barrutiko lehen fiskal beltza, Kaliforniako lehen fiskal nagusi beltza, jatorri indiarra duen lehen senataria (bigarren emakume senatari beltza), orain lehen emakume presidenteordea… eta bihar lehen emakume presidentea?
San Frantzisko hirian fiskala izan zenean gutxiengoak zigortu zituen errepresio politika inposatu izana leporatzen diote hain zuzen ere Alderdi Demokrataren ezkerreko sektoreek. Bidenek Harris bere hautagaiorde izendatu zuenean Joy Gray Bernie Sanders hautagaiaren bozeramaileak «iruzur hutsa» zela salatu zuen.
Hala ere, hauteskundeen emaitzak ikusi eta gero, ondorioztatu daiteke Bidenek egin zuen hautaketak bere hautagaitzan faltan botatzen zen garra ekarri duela. Are gehiago, emakumeen boza bultzatzeaz gain, hauteskundeak «bi gizon edadetu zurien kontua» ziren irudia gainditzea lortu du. Demokraten artean ez dira gutxi izan Bidenen alde baino Harrisen alde bozkatu dutela esan dutenak.
Horrela, bada, eta AEBetan hedatuta dagoen kultur aniztasunaren adibidea da Kamala Harris. Bere gurasoak eskubide zibilen aldeko ekintzaileak ziren.
Arraza segregazioa pil-pilean zegoenean Washingtonen sortu zen Howard unibertsitatean burutu zituen Zientzia Politika eta Ekonomia ikasketak eta «Alpha Kappa Alpha» ikasle beltzen erakundeko kide izan zela aldarrikatu izan du behin eta berriz.
Agian ikasketetan, eta ondoren bere lanean, krimenaren aurkako borroka izan zuelako ardatz, eta horrek, nola ez, gutxiengo beltza jopuntuan jartzen duelako.
Ibilbide izugarrria egin du, ametsa amerikarraren eredu, baina zalantzazko geltokiekin eta porrotekin
Aurtengo presidentzialetarako primarioetan aurkeztu zuen bere burua eta gogor egin zuen Donald Trump auzitegira eramango zuela iragarriz eta 1970. hamarkadan Bidenek arraza segregazioaren aurka izan zuen jarrera zalantzan jarriaz.
Hala ere, ez zion etekin handirik atera eta azkenean amore eman behar izan zuen. Baina porrota garaipen bihurtu zuen Kamala Harrisek. Joe Bidenek bere bigarren hautatu zuen, Harris 2015ean minbiziak jota hil zen Beau bere semea Delawareko fiskal nagusia izan zenaren laguna izan zela gogoan hartuta.
Kamala Harris AEBetako presidenteordea da jada, Trumpen estrategiak ekiditen ez badu, historian lehena. Eta batzuek emakumeek kristalezko sabaia hautsi dela uste dute.
Dena den, argi esan behar da Harrisek ez duela bere burua lehen lerroan aurkeztu hauteskundeetan. Kristalezko sabaia benetan hautsiko da presidenteordea, edo beste edozer emakume, hauteskundeetara aurkeztu eta irabazten dituenean.