INFO

Arte-arduradunak eta artistak solasean jarriko ditu Guggenheim Museoaren ekimen berriak

Guggenheim Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimena aurkeztu du, arte-arduradunak eta artistak solasean jasotzen dituen bideo sorta. Horietan, Museoaren Bilduman obraren bat daukaten zenbait egilerekin solasean arituko dira adituak. Alyson Shotz eta Manuel Cirauquiren arteko elkarrizketa da ikusgai dagoen lehenengo pieza.

Alyson Shotz eta Manuel Cirauqui dira lehen bideoko parte hartzaileak. (NAIZ)

Arte-arduradunak eta artistak solasean jarri ditu Guggenheim Museoak. Gaia, artea. Ostiral honetan aurkeztu da #GuggenheimBilbaoInsights ekimena eta, bertan aditzera eman dutenez, solasaldiak bideoan grabatuko dira ondoren sare sozial zein Museoaren web gunearen bidez ikuslegoari eskaintzeko. Ekimen digital berria azarotik 2021eko ekainera bitartean garatuko da eta, hilero pieza bat eskainiko da.

Proiektu honetarako, Guggenheimeko Bilduman obraren bat daukaten bina artista hautatu eta datozen hilabeteetan haiekin izango dituzten topaketen gidoiak prestatu ditu arte-arduradun bakoitzak. Sortako lehenengo bideoan, Alyson Shotz eta Manuel Cirauquiren arteko elkarrizketa da, Museoan eta artistaren New Yorkeko estudioan aldi berean grabatua.

2017an Manuel Cirauquik Bilboko museoan antolatu zuen ‘Artea eta espazioa’ erakusketan parte hartu zuen Alyson Shotzek (Arizona, AEB, 1964), eta, haren harira, Museoak artistaren ‘Gogoeta-objektua’ (Object for Reflection, 2017) eskuratu zuen. Elkarrizketan, hainbat gairi buruz hitz egin dute biek; besteak beste, artistaren ibilbideaz, haren lana ulertzeko elementu garrantzitsuez (argiaz eta grabitateaz, esaterako), naturan egin dituen instalazioez eta duela gutxi izan duen banakako erakusketaz.

Arte-arduraduna eta artista Museoan edo artistaren estudioan elkartuko dira, edo bi tokietan batera, kokapenaren eta une bakoitzeko aukeren arabera. «Elkarrizketa iradokitzaile horien bidez, artista bakoitzak gaur egungo arteari egin dion ekarpena ulertzeko funtsezko elementuak aztertuko dira, eta haren ibilbideari eta ikuskerari buruzko alderdi interesgarriak ezagutaraziko dira», azaldu du museoak ohar bidez.

#GuggenheimBilbaoInsights proiektuaren aberastasuna landutako gaien eta ikuspegien aniztasunean egongo da, aldatu egingo baitira artistaren eta arte-arduradunaren arabera, baita haien arteko konplizitatearen eta interakzioaren arabera ere.

Lehenengo bideoen programazioa honako arte-arduradun eta artistek osatzen dute: dagoeneko aipatutako Alyson Shotz eta Manuel Cirauquik (azaroa), Jose Manuel Ballester eta Petra Joos-ek  (abendua), Ernesto Neto eta Geaninne Gutierrez-Guimarãesek (urtarrila) eta Itziar Okariz eta Lucia Agirrek (otsaila).